Kataluniarekiko gorrotoa
Nire helburua ez da, ordea, irakurlearen arreta nazismoaren inguruan biltzea, baizik hura hasi aurreko aldian. Hasieran, antisemitismoa ez zen hain basatia; ez zuen bere arrisku osoa agertzen; arrazakeria istilu gutxi batzuk bakarrik ziren, gizarteak bakan eta lau asaldaturen ekintza gisa hartzen zituenak. Halaxe zabaldu zen juduen aurkako arrazakeria. Pixkanaka-pixkanaka, irainek bazterkeria ekintzak ekarri zituzten eta, ondoren, laidoztatzeak; eraso bortitzak etorri ziren gero. Gorroto etnikoa sustatzen zuten, egunkari eta irrati kateen bitartez; gezur eta kalumniekin difamatzen zituzten juduak, haien aurkako aurreiritzia eragiten zen; haiek arbuiatzera bultzatzen zen gizartea, eta beren buruarekiko gorrotoaren hazia ereiten zuten juduetan, haiek beren nortasunaz lotsarazteraino. Hori guztia lortu ondoren, justifikatuta zegoen juduei erasotzea eta, neurri batean, biktimak berak ematen zion bide horri.
Orain gutxi, Madrilen saltokiak zituzten katalanen zerrenda argitaratu zuen El Mundo egunkariak zikinkeria ororen erreferente, haien estigmatizatzea eta ixtea bultzatzeko. Horren ondorioz, saltokien jabeen nortasun katalanari buruzko pintadak agertu dira denda horietako ate eta hormetan, jendeari hara ez sartzera aholkatzen ziotenak. Bestalde, jendaurrean katalanez ez hitz egiteko esaten diete Madrilen bizi diren katalanek hara joan behar duten herrikideei. Orain gutxi, taxi batetik bota zuten emakume bat katalana izateagatik. Ongi zegoen guztia, baina bat-batean, sakelako telefonoa joka hasi zitzaion eta emakumea katalanez hitz egiten hasi zen. «Kanpora!», egin zion oihu taxilariak, autoa bat-batean geldituz: «Nik ez dut katalanik eramaten nire autoan».
Konturatu al da irakurlea ekintza horren atzean dagoen arrazakeriaz? Horixe da ba, hain zuzen, Espainian katalana den guztiaren inguruan dagoen jarrera. Katalanen eta espainiarren artean alde morfologikorik ez dagoenez, hizkuntzagatik identifikatzen dituzte bigarrenek lehenak. Hizkuntza bihurtu da katalanen kolore; horrexek salatzen ditu; horrexek eragiten du jazarpena. Kalean, metroan, autobusean, ezkutuan gorde behar da nortasuna, mespretxu edo erasorik ez pairatzeko. Halaxe daude gauzak, eta ekintza horien larria ikusteko, nahikoa da taxiko bidaiariari herritartasuna aldatzea. Imajina dezagun, katalana izan beharrean beltza, palestinarra edo homosexuala zela bidaiaria. Iskanbila justifikatua izugarria izango zen. Goazen, baina, haratago: imajina dezagun, zer gertatuko litzatekeen taxilari katalan edo euskaldun batek bidaiari bat espainiarra izateagatik kanporatuko balu. Zer-nolako oihartzuna edukiko luke horrelako ekintza batek? Inolako garrantzirik gabeko gertakaritzat hartuko al luke Espainiak? Isildu egingo al lukete hedabideek? Isilik geratuko al lirateke Espainiako agintariak? Ez al litzateke kasu hori Bruselara helduko? Galdera asko dira, bai, baina erantzun bakarra dute guztiek: taxilari katalan edo euskaldun hori lintxatu egingo lukete hedabideek, eta berria egunkari guztietako azalean agertuko litzateke, irrati eta telebistako informatibo guztietan, Kataluniaren edo Euskal Herriaren gaiztakeriaren froga gisa.
Bidaiaria katalana zenez, baina, ez da ezertxo ere gertatu. Hedabideek ezkutatu egin dute gertaera. Taxiaren kooperatibak babestu egin du taxilaria eta, ezkutuan, zoriondu egin dute egindakoagatik. Jakina, Espainiako pentsaeraren arabera, katalan bat txakur baten parekoa da, eta Madrilen asko dira txakurrik onartzen ez duten taxilariak; batez ere, txakur katalana bada. Norbaitek pentsa lezake, asmo onez, Espainia guztian ez dagoela halako katalanekiko fobiarik. Ados, onar dezagun hori. Baina orduan, zergatik auzipetu dute Arnaldo Otegi Juan Carlos erregeari Poliziaren torturen aurrean isilik egon izanari buruz galdetzeagatik, eta ez da horixe bera egiten Kataluniarekiko gorrotoa goratzen dutenekin? Non dira Joan Manuel Serraten lagun humanista eta ez nazionalistak?
Kataluniaren aurkako arrazakeria ez da berria; aspaldikoa eta ziklikoa da, eta horren gorabeherak katalanen autoestimu handiago edo txikiagoko aldien araberakoak dira. Nola Alabamako zuriak beltzen kontzientziatzeak, halaxe beldurtzen du Espainia Kataluniaren kontzientzia nazionalaren areagotzeak. Izan ere, ez zaio gustatu nagusiari sekula morroiaren harrokeria. Ez dadila inor nahasi: katalanen aurkako arrazakeria ez dute sortu politikari edo iritzi sortzaileek. Alderantziz: mesede egin die Espainiako gizartearen katalanen aurkako jarrerak hainbat politikari eta iritzi sortzaileri, boto espainolistak biltzeko. Inor ez da desertuan arrantzan hasi. Bada erloju bonbarik, eta hori lehertzeko zain daude batzuk.
Berria , 17/11/2005 (euskara)
Nabarralde , 17/11/2005 (gaztelania)