Ezin etsi, 290 urte geroago ere
Mendebaldeko katalana (valentziera) ekialdeko katalanetik bereizteko asmoak helburu garbiak ditu. Baliteke modu horretako zentzugabekeriak zientzialarien esparruan barre-algara sortzea, baina, ordezkari ospetsuenen isiltasunaz jabetuta, ez dirudi askorik kezkatzen dituenik. Hizkuntza ez da komunikatzeko tresna hutsa; hizkuntza batek berekin dauka beti bestelako nortasun baten adierazpidea. Zehatzago esanda, bizitzari begira jarrera propioa hartzeko nortasuna da hizkuntza, izate propioa duena alboko izateetatik aparte. Arrazoi hori dela-eta gutxiesten dira politikoki ahulak diren hizkuntzak; hizkuntza ezerezten denean ez baita nortasunaren kanpo ezaugarri bat bakarrik ezerezten, baita hiztunen nazio kontzientzia ere. Eta hori da Espainiaren jomuga katalanari begira: alde batera ezkutatu egin nahi dute Katalunia Espainia ez dela azaltzen duen frogarik agerikoena, kataluniarrak espainiarrak ez direla agertzen duena. Katalunia Espainia balitz, ez legoke duda izpirik bere hizkuntza berezkoa, ez behartutakoa espainiera litzatekeela. Eta kataluniarrak danimarkar balira edo espainiarrak frantziar, ez al litzateke lehenen hizkuntza daniera eta bigarrenena frantsesa? Espainiak ondotxo daki horren guztiaren berri, baina ezin ditu bere hartan onartu nahi; izan ere, hori onartzeak berekin lekarke Kataluniak herria gidatzeko duen eskubide ukaezina aitortzea. Horiek horrela, ez da harritzekoa Kataluniak bere uztatik mundura zabaltzen duen guztiak (katalanaren ofizialtasuna Europako erakundeetan, nazio selekzioen aldarrikapena edo ETAren lurralde mailako su-etena) Espainian ezinegona sortzea. Herri horrek eraman ezin duen gauzarik bada, errealitate ikuspegia da hori, Kataluniako nazioak izatea duelako errealitatea. Horregatik esaten ditu Espainiako Barne ministro Jose Antonio Alonsok lasai asko tankera honetakoak: «Konstituzio berriarekin eraiki nahi dugun Europa estatuen Europa izango da; bestela, ez da ezer ere izango». Ederki, bada, ez da ezer ere izango. Eta begi bistakoa da zergatik: ez dago batasuna behartzerik batugai diren batzuen eskubideen aurka eginda. Eta, gaur-gaurkoz, badira 50 milioi lagun Europan nazio eskubideak errespetatzen ez zaizkienak. Europako Legebiltzarrean katalana (edo euskara) galaraztea, ofizialtasuna ukatuz, legegileen euren kontrako ari da bihurtzen pixkanaka. Bertako presidente Jose/Josep Borrellek eta presidenteorde Antonio Costak izandako jarrera lotsagarria Parlamentuko ganberakoen gogoan iltzatuta geratuko da betiko, hitz egitea ukatu baitzioten Estrasburgon ERCko diputatu den Bernat Joani. Nazkagarria izan zen Borrell kataluniarrak Costa portugaldarrari agindu zionean galarazteko Joani hizkuntza propioan hitz egitea, eta Costak esana bete zuen Joanek hitz egiten zuena alemana ala katalana zen jakin gabe. Jokaera horrekin, nola ez, alemaniarrak erretxindu zituen galarazpenak, eta Joanekin bat eginda, protestatu egin zuten Costa lotsaraziz, hark barkazioa eskatzeraino. Hizkuntza katalanak, EBko zazpigarren hizkuntzak, malterak baino maila apalagoa du, Estaturik ez duela-eta; horrek garbi azaltzen du iragan inperialaren oroiminez batzuk eraikitzen ari diren Europa elitista eta baztertzailea. Katalana zati bi egiteko asmo politikoa, beraz, bat dator Francoren garaitik Madrilek egin duen muturreko politikarekin Herrialde Katalanen ahalmena gutxitzeko helburua, azken batean. Hala ulertu behar da PP eta PSOE Valentziako Herrira arrimatzea: bai garraio eta komunikazio azpiegituren bitartez, bai Alacant hondartza eta madrildarren bainuetxe bihurtzeko nahia agertuz ere. Modu horretan, bi gauza lortzen dituzte: Kataluniako nazioa desegituratzea eta Valentziako katalan hiztunak murriztea, bitxikeria antropologiko bat balitz bezala. Printzerriak ere nozitzen du Espainiaren politika nazionalista hori. Horrek azaltzen du bidesariak zergatik dauzkagun: garestiago zaigu kataluniarroi autoz herri barruan ibiltzea edo Euskal Herrirako bidean egitea, Espainiarako bidean egitea baino. Izan ere, ez dago barruko muga psikologikoak baino geldiarazle hoberik. Hala egiten dira orain kolonizazioak: gerrarik gabe, hildakorik gabe, odolik isuri gabe. Ez al da errazagoa aurrerapenaren eta demokraziaren mozorropean egitea?
Berria , 5/10/2004 (euskara)
Nabarralde , 6/10/2004 (gaztelania)