Amore emaileen iruzurra
Iruzur historikoa ari dira egiten Kataluniako herritarrei, eta kontuan hartu behar luke Euskal Herriak hori, tranpa horretan ez erortzeko. Kataluniaren interes nazionalekin zerikusirik ez duten bestelako interes politiko jakin batzuen ondorio da Artur Masen eta Rodriguez Zapateroren arteko ituna, boterean beste hogeita bost urtez egoteko beharra baitute PSCren proiektu espainolizatzaileak eta CiUk beti egin duen biktimismoaren kudeaketa errentagarriak. Berdin zaie botere hori txikia bada ere, aldiro Liliputetik beren unibertsoko gune den Madrilerainoko hegazkina hartzeak egiten baititu zoriontsu.
Zorionez, ez da ERC bakarrik konturatu iruzurraz. Joan den otsailaren 18an Bartzelonan egin zen manifestazio jendetsuan, alderdi horri botoa ematen ez dioten milaka eta milaka lagun agertu ziren; hala ere, hauxe aldarrikatu nahi zuten manifestazioan izan zirenek: herrialde bat ez dela librea, horren Parlamentuaren borondatea askea ez bada.
Amore emaileen iruzurra hain larria ez balitz, hunkigarria izango litzateke, ia, traizioa estaltzeko zer-nolako gezurrak esateko gai diren ikustea. Hauxe da haien argudioa, aspertu arte errepikatutakoa: «Estatutu hau aurrekoa baino hobea da». Ez dira konturatzen hizkuntzaren izaera salatariaz; izan ere, esatariaren konformismoa islatu ez ezik, ergelkeria ere adierazten du esaldi horrek.
Estatutu berria aurrekoa baino okerragoa izan zitekeela uste al dute ba amore emaileek? Negoziatzaile gisa horixe al zuten abiapuntua? Egia esan, kudeatzaile hain trebeak izaki, erraza da Groucho Marxek Duck Soup pelikulan esandako esaldi bat gogora etortzea. Hauxe esan zuen hark presidentearen motoko sidekarrean hirutan eseri eta motorra bera gabe urruntzen ikusita: «Bosgarren aldia da etxetik irteten naizena, eta ez naiz inon izan oraindik». Horrela ulertzen da ERCk egindako proposamenari 1979ko estatutuarekin ez ezik Madrilen murriztu aurretik Kataluniako Parlamentuak onartutako testuarekin ere alderatzea testu berria estatutua azaltzeko kanpainan CiUk eta ICVk ezetz esan izana. Horrela ikusiko dute katalanek etxetik irtendakoan zer urruti zihoazen eta nola azkenean aurreko espaloira baino ez diren iritsi.
«Kataluniako Parlamentuak onartutako estatutua ez da egun existitzen, ordea», diote amore emaileek. Ongi. Eta zergatik ez da existitzen? Prest al daude desagertze horren arrazoiak hauteskunde interesak Kataluniaren interesen aurretik jarri dituztenen zikoizkeria eta hipokrisia direla aitortzeko? Garbi dago egindako doilorkeria hain dela handia, non estatutu berria 1979ko testu eskas eta zaharkituarekin alderatuta bakarrik disimula baitezakete beren lotsagarrikeria.
Kataluniaz mintzo direnean Murtzia edota Extremadurarekin alderatzen dute hori horiek, eta ez Austria edo Danimarkarekin. Kataluniako Parlamentua eskualdeko ganbera huts bat baino gehiago dela sinetsarazteko duten baliabide bakarra da hori.
Kataluniak egun dituen politikariak ordezkatzeko premia handia du, noski. Belaunaldia ordezkatzekoa. Onartezina da giza izaeraren alde penagarrienen koldarkeria, herabetasuna eta mendekotasuna isla direnek Katalunia zuzendu nahi izatea datozen hogeita bost urtean eta, horrekin batera, nazio horretako herritarrek erabakitzeko duen eskubidea hipotekatu nahi izatea.
Kataluniako Parlamentuko gainerako alderdiak alde batera utzita, alderdi batean baino ezin dezake sinets Katalunia helduak, eta Esquerra Republicana da alderdi hori.
Historiak eskaintzen dion aukeraz ohartu ez, eta Esquerrak ezezko botoa ematen ez badio Liliputeko estatutuari, kataluniar herriari egindako iruzur lotsagarri horri, horren konplize bihurtu ez ezik zulo sakon batean sartuko da, eta asko kostako zaio hortik irtetea.
Berria , 21/4/2006 (euskara)
Nabarralde , 24/4/2006 (gaztelania)
Racó Català , 5/5/2006 (katalana)