Futbola, anormaltasun politikoaren isla

Futbola, anormaltasun politikoaren isla
Egun hauek zeharo ezkorrak izan dira, euskaldunentzat eta katalanentzat, kirol alorrean. Reala bigarren mailara jaisteak eta Barçak liga txapelketa --askoz ere lehenagotik irabazia zirudiena-- galdu izanak jende asko adoregabetu du, baita futbolzalea ez dena are. Izan ere, hizpide ditugun bi talde horiek, elkarri beti izan dioten begikotasunaz harago, Espainiako Estatuarekin mendeetan gatazka politikoan sartuta dabiltzan bi naziotakoak dira. Hizpide ditugun erakunde horiek biek, beraz, tokian tokiko ñabardura guztiak kontuan izanik ere, kirol alorreko mugak gainditzen dituzte, politika alorrera hedatzeraino. Izan ere, mundu honetan kontu gutxi izango da Espainiako liga txapelketa baino politikoagorik. Getaferen zaleek nahi zuten Real Madrilek edo Sevillak irabaztea liga, txapelketa espainiarren esku gera zedin; Tarragonako Nastic taldearen zaleek Barçak irabaztea nahi zuten, txapeldun tituluak katalanen esku jarrai zezan; eta Barçaren zaleak, milioika lagun baitira, Nastic eta Reala mailaz jaitsi izanaz damu ziren, Kataluniako eta Euskal Herriko taldeak zirelako mailaz jaitsitakoak.

Katalunia eta Euskal Herria, ordea, galdera errepikariak egiten dituzten herrialdeak dira. Mendeen joanean euskaldunek eta katalanok ez dugu gaitasunik erakutsi gure arazoak konpontzeko, eta horrek behin eta berriro gai berberak eztabaidatzera garamatza, herri normalizatuek aspaldian bazter utziak dituzten galderak egitera. Eguna joan eguna etorri, gure nortasunaz, hizkuntzaz, eskubideez, ikurrez... galdetzen diogu geure buruari. Horrexegatik bakarrik balitz ere, gurpil zoro eta ezinago kaltegarri horretatik irteteko premia ezinbestekoarengatik besterik ez balitz ere, ondo baino hobeto arrazoitua legoke gure independentzia politikoa berreskuratzea. Eta Barça, 106.000tik gora bazkide baititu eta munduko kirol erakunderik garrantzitsuena baita, ez dago horretatik kanpo. Horren froga da, urteen joan-etorriagatik, bere hartan dirauela taldearen kirolaz haragoko dimentsioari buruzko eztabaidak --klub edo talde soil bat baino gehiago delako ustearen gainekoa--. Beharbada gure heldugabetasun kolektiboaren adierazgarri da, gai berberaren inguruan jirabiraka baikabiltza etengabe, denbora irabaztea izaki helburu bakar, erabakiren bat hartzera behartuko gaituen ondorioren batera ez iristearren.

Esan dezagun berriro ere, bada: klub soil bat baino gehiago da Barça, ezaugarririk gabeko herri baten ordezkari delako, aitortza juridikorik eta nazioarteko oihartzunik ez duen herri baten ordezkari. Hala zen Francoren garaian, eta hala da autonomien estatua deritzonean ere. Logikoa da, beraz, Barça izatea oraindik ere katalanon frustrazio guztien bideratzailea. Barçaren garaipenak gure garaipenak dira, eta haren porrotak gure porrotak. Horrek azaltzen du kalean milioika jende bildu izana iaz, Txapeldunen Liga erdietsi zutelako esker onez. Zein umekeria mailataraino iritsi garen ere adierazten du, ordea; konturatu garenez, arrazoi berberak eragindakoak baitira orduko bozkario hura eta frankismoaren uztarpean ospakizun genituen garaipenek sorrarazten zigutena. Inpotentearen baliabideaz ari naiz, menderakuntza politikoa orekatzeko balio duen kirol estasiaz.

Egia da Barça katalandu egin dela berriro, Joan Laportaren etorrerari esker. Hura gabe, Joel Joanek ez zukeen sekula oihukatuko «¡Visca uns Països Catalans lliures!», estadioaren erdi-erditik; eta estadioan ere ez zatekeen sekula ospatuko, iaz gertatu zen bezala, Correllengua ekitaldirik --Mallorcan 1993an sorturiko ekimena, euskal Korrikan oinarriturikoa, eta Herrialde Katalan guztiak hartzen dituena--. Baina katalanok ez dugu gainditu herri heldu bati dagozkion ikasgaietariko bat bera ere, eta heldugabetasun eta gizarte aitortza gabezia hori bilakatu da, paradoxikoa badirudi ere, Barçaren kirolaz haragoko handitasunaren oinarri. Alegia, erakundearen handitasuna eta hari aitortzen diogun ordezkaritza bat-bat datoz ezinbestean gure anormaltasun politikoarekin. Konturatuko bagina independentzia ez dela pribilegio bat, baizik eskubide bat, eta, beraz, erabili egin behar dugula eta ez eskatu, orduan jabetuko ginateke futbol taldearen garaipenak opari pozoitua direla, gure erantzukizun nazionaletatik aldenarazten gaituena ezkutuan. Kataluniaren edo Euskal Herriaren normalizazioak berekin dakar nork bere selekzio nazionala izatea, eta selekzio horiek -eta ez kirol erakunde batek- batuko dituzte eta nazioartean hedaraziko nazio katalana zein euskalduna.

Halakorik gertatu ezean, Barça -edo edozein talde euskaldun- edonolako estutasunen eraginpean izango da. Horren haritik, gogora dezagun, esate baterako: Espainiako erregea eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Parisen izan zirela, Saint-Denis estadioko palkoan, eta Kataluniako presidentea albo batera utzi zutela -ez zioten harako gonbitik ere egin-; edo jokalarien solasaldia eten egin zutela Camp Noun ospakizuna egin zen egunean. Erran gabe doa gauza bakarra interesatzen zitzaiela benetan Espainiako erregeari eta Zapaterori, ez alderdia bera, baizik eta mundu guztiari aditzera ematea, eurak bitarteko zirela, klub espainiarra dela Barça, eta espainiarrak direla hark lorturiko garaipenak eta kopak. Solasaldiari bagagozkio, berriz, soinuaz arduratu zen enpresak argi azaldu zuen bost mikrofono zituztela eskura, eta beren tresneriak ez zuela inolako matxurarik izan. Horrek, jakina, are nabarmenago uzten ditu klubak -barnetik nahiz kanpotik- izan zituen presioak, badaezpadakoak inondik ere: jokalariren batek «ezezkoa» adierazten bazuen ere, Estatutaren iruzurraren gainean; edo Herri Katalanei buruzko aipamen zuzen nahiz zeharkakorik egiten bazuen ere. Eta horrek guztiak esan nahi du Bartzelona FC taldeak edo euskal taldeek beren gain duten zama sinbolikoak, bizitasun-emailea begitantzen bazaigu ere, ez dituela bilakaraziko ez diren hori: benetako selekzio nazional. Partida hori ez baita ostikoz irabaztekoa, kontzientziaz baizik.

Lluita , juny/juliol 2006 (català)
Racó Català , 29/8/2006
(català)
eurotribune.net , 30/8/2006 (català, english, español, français)
radiocatalunya.ca , 30/8/2006 (català)
Berria , 24/6/2007 (euskara)