Orain Bruselaren txanda da
Horregatik da zentzugabea euskal herria Estatutu berri baten amarruan erortzea; izan ere, Kataluniakoa bezalaxe, iruzurra eta Espainiaren nagusitasuna zilegitzeko tresna izango baita, seguruenik. Umekeria gaixobera da, barnetegitik atera beharrean, barnetegiko bizimodua hobetzen saiatzea. Borrokalariak, zapaltzailearen kontra borrokatu baino, bere buruaren kontra aritu nahiago balu bezala. Herri zapaldu askori gertatzen zaie. Ez dira ohartzen honetaz: zenbat eta lortzen zailagoa iruditu nazio independentzia, orduan eta sendoagoa da beren baitan ezin horren segurtasun faltsua. Independentzia, ordea, ez da aita ahalguztidun batek, ondo portatuz gero, ematen duen saria: independentzia eskubidea da, gizaki guztiek heltzean erabiltzen dutena eta nazio talde guztiek erabiltzen dutena konturatzen direnean herrien arteko berdintasunik ez dagoela bakoitzaren berezitasuna errespetatzen ez bada. Baina non dago nork bere buruaz duen kontzientzia, nazioa prest baldin badago bere parlamentuaren nahia beste parlamentu baten nahira makurrarazteko?
Gogoeta handirik egin gabe ere ulertzen da nazio eta estatutu termino kontrajarriak direla. Nazio helduek ez dute Estatuturik: nazio helduek Konstituzioa dute. Baina non dago Euskal Konstituzioa? Non dago haren izaera juridikoa bermatzeko dokumentua? Non dago munduko beste nazio burujabeen eskubide eta betekizunak ematen dizkion Konstituzioa? Euskal Herriak ez du horrelako ezertxo ere. Honexegatik ez du, hain zuzen: auzokoek ez dutelako etsi hegoaldeko euskaldunak espainiar eta iparraldekoak frantses bihurtzeko saioan. Berdin dio Espainian edo Frantzian nork agintzen duen: gobernu guztiek, guzti-guztiek, izan dute eta dute helburu hau: euskal herria galtzea, nazio nortasun bereizia den aldetik.
Horregatik, nazio kontzientzia duen euskal jendeak ahaztu beharra dauka, independentzia lortu eta biharamuna arte, bere arteko desadostasunak, eta ahalegindu behar du bere gatazka politikoa nazioartekotzen. Otsailaren 18an Bartzelonan eginiko manifestazioak eta apirilaren 1ean Bilbon eginikoak arrakasta handia izan zuten, baina igaroak dira. Orain Bruselaren txanda da, orain Estrasburgoren txanda da. Nazioa aldarrikatzeko hurrengo manifestazio handiak euskal-katalana behar du izan, eta Europako erakundeen aurrean egin behar da: izan ere, katalan eta euskal jendeok, europar garen aldetik, Europan gogoratu behar diegu mundu guztiko demokratei Nazio Batuen Batzar Nagusiak ebazpen bat onartu zuela: «Herriek eta nazioek beren kabuz erabakitzeko duten eskubidea aurrebaldintza bat da gizakiaren eskubide oinarrizko guztiak ezartzeko».
Norberaren edo alderdiaren interesak baztertzeko gai ez bagara, Kataluniak eta Euskal Herriak ez dute sekula berreskuratuko independentzia. Nahikoa da, bada, barne zatiketatik; nahikoa da norberaren zilegitasuna neurtzen indarra xahutzetik. Garrantzitsuena ez da Katalunia eta Euskal Herria ezkerrekoak edo eskuinekoak izatea, baizik eta libre izatea, nahi dutena izateko. Eta helburu horretan jarri behar dugu gure indar guztia, Europako Batasuneko Estaturik gabeko nazioen kohesioa lortzeko, Estrasburgoko Parlamentuan ahots bakar batez mintzatu ahal izateko.
Frantzia eta Espainia beren inperio historiaren azkenetan dira. Berdin dio horretaz ohartu nahi ez badute ere: haien bizialdia bukatzeko zorian dago, eta haien heriotzarekin beste aldi bat sortuko da, aurrekoaren antitesia. Inperio estatuen gainbehera ekarriko du, eta herri txiki egiazkoen egunsentia. Eta herri horien artean, ez izan duda izpirik ere, Euskal Herria eta Herrialde Katalanak egongo dira.
Berria , 15/9/2006 (euskara)
Nabarralde , 15/9/2006 (gaztelania)
Racó Català , 19/9/2006 (katalana)
Eurotribune.net , 26/9/2006 (katalana, ingelesa, gaztelania, frantsesa)