Katalanismoak 69, espainolismoak 54

Katalanismoak 69, espainolismoak 54
Litekeena da lagun asko desilusionatuta egotea Kataluniako hauteskundeen emaitza dela eta; batez ere, kontuan hartuta inkestek eta Convergencia i Unioren nagusikeriak ilusio bat sortu zutela eta alderdi horrek 52 eserleku inguru lortuko zituela iragartzen zela. 48 baino ez ditu lortu, ordea, aurreko legegintzaldian baino bi gehiago baino ez, eta laurogeita hamar mila boto galdu ditu. Beraz, garaipen garratza da nolabait, PSC Kataluniako Sozialisten Alderdiaren jaitsiera handiak -5 eserleku eta 250.00 boto gutxiago ditu- bakarrik gozatzen duena. PSCk jaitsiera handi hori izan ez balu, askoz ere nabarmenagoa izango zatekeen CiUren porrota. Hala ere, bi gauza nabarmendu nahiko nituzke. Bat: katalanismoak ez du atzera egin, ERCk eta CiUk lehen beste eserleku baitituzte. Eta bi: Kataluniako gizartearen zati batek, subiranistak, bere bi aukera politikoak zigortu dituela erakusten du abstentzioak -%43-. Mas-Zapatero itunari huts egiteagatik CiU, eta Kataluniako presidentetza alderdi espainolista bati -PSC- eman izanagatik, berriz, ERC. Bada beste irakurketa bat, baina: subiranismoa hazten ari da Katalunian, independentziaren aldeko botoek erakusten dutenez. ERCk 2003an lortutako botoak -12 diputatu izatetik 23 izatera pasatu zen- CiUtik heldutakoak zirela ziotenek arrazoi balute, nolatan galdu ditu bi eserleku bakarrik, hedabideetan haren kontrako kanpaina gogorra egin badute ere? Azpimarratzekoa da, era berean, katalanismoak espainolismoa gainditu izana -69 eserleku lortu ditu lehenak eta 54, berriz, bigarrenak. ICVren 12 eserlekuak batuta ere, haren azpitik geratzen baita espainolismoa. Oso urruti joan litezke ERC eta CiU elkarrekin, nahi balute.

Horrek guztiak etorkizun interesgarri baina lausoa uzten du. Interesgarria, sendotuta egoteaz gain gorantz doalako independentismoa. Eta lausoa, ERCk bere kontra jarri dituelako gainerako indar politikoak, Parlamentuan duen presentzia handia dela eta. Enbarazu egiten dio ERCk CiUri, Kataluniako kontzientzia nazionala piztu eta hutsean uzten duelako alderdi horren egitarau eskualdera begirako eta biktimista. Eta traba egiten die PSC, PP eta Ciutadansi ere, horien arteko lotura erakusten duelako: Espainia bortxaz inposatu nahia. Horrenbestez, ERCren babes-nazionalismoaren, CiUren koldarkeriaren eta gainerako alderdien Espainiarekiko mendekotasunaren artekoa da lehia. Horri guztiari Espainian ERCri dioten gorroto ikaragarria batuz gero, erraz uler daiteke Masen eta Zapateroren arteko itunaren baldintzetako bat independentistak boteretik kanpo uztea izatea, eta elkarlanean aritu izana haiei izena kentzeko. Hala ere, oker dabil Esquerra berriz ere PSCrekin elkartuta. ERCren oinarriek -Estatutuaren aurka bozkatzera behartu zuten- nekez onartuko dute gobernutik bota zituen alderdiarekin ituntzea eta Kataluniak eskubide historikorik ez duela esan zuen gizona presidente bihurtzea. Printzipio kontua da.

Baina oker dabiltza Esquerraren helburua CiU zapaltzea dela uste dutenak ere. Egia da botoak batetik bestera dabiltzala bi alderdi horietan, baina bigarren horren egoera «ezohikoa» delako da hori. Nahikoa izango litzateke CiUk independentziaren alde egitea bi alderdi horien arteko boto-emaileak ongi bereizita geratzeko. Eskuin moderatua izango litzateke CiU, baina kontsekuentea nazioari dagokionez; ERC, berriz, alderdi ezkertiar nagusia izango litzateke, eta helburu nazional berberak edukiko lituzke. Beraz, CiUko subiranista askok hala uste badute ere, ERCren arerioa ez da CiU, baizik PSC, eta horri irabazi nahi dio. Horixe da errepublikanoen benetako helburua: ezker nazionala bihurtzea eta PSC Espainiako ezker nazionalistaren interesen babesle gisa uztea. Egun horretan, normalizazio politikoa lortzear egongo da Katalunia, gazteen boto gero eta ausartagoari esker.

Bien bitartean, inork sinesten ez dituen aginduei egiantzekotasuna emateko notarioarengana joan behar dutenen esku jarraituko du Kataluniako politikak, bai eta Katalunia Moncloatik gobernatutako erkidego bihurtu dutenen esku ere. Eta ERCk erantzukizun handia du azken horretan. Kexu da ERC Kataluniako politika espainolizatu izanaz; arrazoi du, baina onartu behar du sozialisten aurrean gailendu ez izanagatik dagoela horrela. Bere buruaz beste eginda ordezkatu nahi al du, bada, PSC?

Oso baliagarria da Kataluniako politikaren giltza edukitzea, noski, baina onena ez da giltzaren jabe izatea, giltza erabiltzea baizik. Hitz egiteko gaitasunak isilik egoten dakienaren argitasuna areagotzen duen bezala, giltza erabiltzeko moduak giltza duenaren buruargitasuna erakusten du. Esan nahi dut horrekin ERCk ez duela nahitaez boterera heldu behar Katalunian aginduko duen alderdia izateko; nahikoa da arerioak gezurretan harrapatu eta beren berritsukerian ito daitezen uztea, estatutu berria katalanen arazo guztien konponbide dela agindu baitute.

Ciutadans alderdi katalanofobikoa Legebiltzarrean egoteari dagokionez, azken urteotako berririk onenetakoa dela uste dut, ironia erabiltzen uzten badidazue. Kataluniako independentismoak indarra duela esan nahi du, eta beldurtu eta kezkatu egiten dituela horren kontra daudenak. Halaxe gertatu da emantzipazio prozesu guztietan, eta halaxe gertatuko da Katalunian ere. CiU zenbat eta lehenago konturatu koldarkeriak suntsituko duela, orduan eta lehenago amaituko da prozesua.

Berria , 9/11/2006 (euskara)
Racó Català , 14/11/2006 (katalana)
Nabarralde , 16/11/2006 (gaztelania)