Esquerraren ezintasuna
Katalunian, Esquerrak Espainiako bandera kendu zuen Joan Puigcercosen Kontseilaritzatik, eta Jose Montilla presidenteak berriz jar dezaten agindu du. Hau da, ERC umiliatuta amaitu da ikuskizuna. Mendeko izateak ERCri independentismoak baino plazer handiagoa ematen diola dirudi, ordea; horixe da okerrena, otzan-otzan onartzen baititu alderdi horrek umilazioak. Suizidioarekin jolasteko eskubide osoa dauka Esquerrak, noski, baina kezkagarria da horretarako boto-emaileen laguntza nahi izatea. Egia esan, nekez ulertzen da horren adoregabetasuna. Izan ere, boto-emaile errepublikanoak berezitasunik badu, CiUren politikaren ezaugarri izan den mendekotasuna gaitzestea da hori. ERCk ez al daki, bada, posibilismoak frustrazio sentimendu handia sortzen duela bere burua irainduta ikusten duen mendeko gizartean, egoera hori aldatzeko inolako aukerarik ikusten ez badu? Hain zuzen, frustrazio sentimendu horretatik libratzeko bozkatu zuten milaka eta milaka katalanek 2003ko hauteskundeetan ERCren alde; horretarako jarri zuten alderdi horretan beren esperantza guztia; gehiegizkoa, denborak erakutsi duenez. Bi arrazoirengatik izan da gehiegizkoa: 23 diputatu bakarrik edukita ERC ezin zitekeelako oso urrutira joan, eta Kataluniako politikak - heldugabea, espainiartua eta koldarra- ez zuelako asmo txikienik ere emantzipazio nazionala lortzeko prozesu bat zuzentzeko.
Horiek horrela, ez da harritzekoa herritarrek abstentzioa eta boto zuria hautatu izana azken bi kontsultetan. Gauza jakina da estatutu ezin txarragoa -lotsagarria, bere burua errespetatzen duen herrialde batentzat- eta etorkizun iluna -horixe dagokie mendeko herrialdeei- ez direla inolaz ere erakargarriak.
Esquerra berriz ere umiliatu izanak areagotu du, hain zuzen, horren boto-emaileen frustrazioa. Eta ez naiz Montillaren aginduagatik ari, Esquerrak agindua otzan-otzan bete izanagatik baizik. PSCren espainoltasuna ez da inolaz ere gauza berria; bai, ordea, ERCk horri katalan kutsua ematea eta men egitea.
ERCren alde ez da bozkatzen horrek legezkotasun bidegabea onar dezan -horretarako hortxe ditugu PSC eta CiU, mendekotasunaren eredu direnak-, baizik desobedientzia zibilaren bidez horren aurka egin dezan. Horren hurbilekoa den Sobirania i Progres plataformak proposatzen duen desobedientziaren bidez. Zer egingo du PSCk ERCk bere mendeko egoitzetan Espainiako bandera ezartzen ez badu? Gobernutik bota? Joan Puigcercos kartzelan sartu? Ez geratu barregarri, arren. Harrigarria da ERCk legezkotasuna erabiltzea, beti kritikatu izan duena egiteko.
Hauteskundeen ondoren esan zigunez, boteretik oposiziotik baino askoz gehiago egin daiteke Kataluniaren alde, baina orain ez da gai bandera bat kentzeko ere. Hala nahi al du hazi? Duran i Lleidaren eskuliburu espainolistari kasu egin, ICVri imitatu eta PSCren morroi bihurtuta?
Bandera bat ez da gorrotatzen edo maitatzen bandera hori denagatik, horrek adierazten duenagatik baizik. Espainiako bandera beste edozein herrialdetakoa bezain errespetagarria dela esan nahi dut, eta arrazistek bakarrik baztertzen dutela arrazoi etnikoengatik. Euskaldun edota katalanek beste arrazoi bat dute Espainiako bandera baztertzeko: horrek sinbolizatzen duen botere nagusitasuna. Hau da, herrialde batek bestearekiko duen nagusitasuna. Beraz, printzipio kontua ez ezik duintasun kontua ere bada nagusitasun hori arbuiatzea.
Horixe bera gertatzen da Espainiako selekzioarekin ere. Katalunian edo Euskal Herrian dagoen horren aurkako sentimendua ez du hori espainola izateak sortu, horren nagusitasunak baizik; izan ere, ez du uzten bi herri horiek beren selekzioak eduki ditzaten eta nazioartean ospea har dezaten.
Ez da bidezkoa konstituzioaren, hispanitatearen edo estatutuaren aurkako ekintzak bultzatzea, ERCk egiten duen bezala, eta gero ez izatea gai sinbolikoak baino ez diren xehetasunekin kontsekuente izateko. Alde horretatik, hauxe da galdera: ERC banderen inguruko arazoan PSCri aurre egiten ausartzen ez bada, nola zuzenduko du autodeterminazio prozesua? Aurreko legegintzaldian lege bera zegoen indarrean, eta, hala ere, garai hartako kontseilari Joan Carreteroren eta Xavier Vendrellen aginduz, Gobernazio Ministerioan ez zegoen Espainiako banderarik, ezta? Zer gertatu da hori aldatzeko? Gaur egungo Esquerra ez al da garai hartakoa bezain katalanista, edo Montilla Maragall baino espainolistagoa al da? Uste dut galdera horrek amildegiaren ertzean kokatzen duela ERC. Izan ere, bigarrena hautatzen badu ere, kosta egingo zaio beste galdera honetatik libratzen: nork hautatu du Montilla Kataluniako presidente? Hortxe izango du ERCk galdera hori, aldi batez.
Argi dago, beraz, legezkotasuna argudiatzeak ez duela zentzurik; batez ere, kontuan hartuta estatuaren erakundeetako eraikinetan Kataluniako banderarik ez dagoela, CiUren mendeko herrietan frankismoko monumentuak daudela, horrek eta PSCk elkar adituta, edo hizkuntz politikaren inguruko legea ez dela betetzen -horren arabera, dendetako errotuluek eta jatetxeetako kartek katalanez egon behar dute, gutxienez-. Esan dezagun beste modu batera: ERCk bere boto-emaileek errespeta dezaten nahi badu, kontseilaritzetatik Espainiako bandera kendu, eta presidentetza Esquerrari esker -ez Kataluniari esker- lortu duela gogorarazi behar dio Alderdi Sozialistari, lehenik eta behin. Negozio txarra da kanpoko boto-emaileak lortzen saiatzea, bidean norberarenak eta duintasuna galtzen badira. Urtetan eta urtetan CiUren politika posibilista kritikatu, eta duintasuna bigarren mailakoa da orain.
Berria , 19/12/2006 (euskara)
Nabarralde , 20/12/2006 (gaztelania, euskara)
radiocatalunya.ca , 21/12/2006 (katalana)
Racó Català , 24/12/2006 (katalana)