Leitzako ikurrina
1976tik jartzen zuten Euskal Herriko ikurrina udaletxeko balkoian, nahiz eta Guardia Zibilak kendu, eta, 1997ko udalbatzar hartan, egiten ari zirenari babes politikoa eman besterik ez zuten egin. Horregatik, atentzioa ematen du ikurrina kentzeko orduan Aralar alderdia Euskal Herriaren nazio eskubideen aldekoa omen Guardia Zibila bezain prestu ibiltzeak.Agindu judizial batek dio alkatea, Nafarroako Ikurren Legea betetzen ez badu, men ez egiteagatik zigortu ahal izango dutela. Egia da, baina esan beharra dago lege hura UPN alderdiak bultzatu zuela, frankismoaren oinordeko ideologikoak, 2003ko martxoan. Ez dago ulertzerik, beraz, lege hori betetzeko orduan Aralar hain zorrotza izatea. Izan ere, legeak kutsu diktatoriala du eta ez die batere jaramonik egiten borondate demokratikoari eta herritar gehienek nahi dutenari. Eskandaluzkoa da, benetan, UPNren buru espirituala hil zenetik hogeita hamar urte igarota ere eta Leitzan babes eskas-eskasa izanda ere Miguel Sanzen alderdia lasai asko frankismoaren aurkako borrokaren eta Euskal Herriaren askatasunaren ikurra zapaltzen ibiltzea.
Aralarrek dio aurreko legeak (1986an onartutakoak) espresuki ez zuela galarazten ikurrina udaletxeetan jartzea, eta Miguel Sanzek berak proposatu zuela ikurrina jartzen zuten udalei diru laguntzak kentzea neurri hori, azkenean, ez zuten onartu; bai, ordea, agindu judizialak betetzen ez zituzten udaletako alkateak zigortzea. Arrazoi du Aralarrek horretan, baina jakin beharko luke legezkotasuna eta zilegitasuna ez direla bat; legea gauza bat dela eta justizia beste bat. Eta Euskal Herriko herrialde batean ikurrina galaraztea legezkoa izango da, beharbada, baina ez bidezkoa.Hala, debeku horri men egiteak ez dauka zentzurik, mehatxua zeinahi dela ere. Edozein alkaterentzat ezer ez dago handiagorik bere herrikideen iritzia baino, eta leitzarrek emana dute dagoeneko Euskal Herriko ikurrinari buruzko iritzia. Bakean eta demokratikoki eman zuten, hauteskundeetan, baina haien botoak legez kanpo utzi zituzten, nazionalismo espainiarrarekin bat ez datozen idealen aldekoak zirelako. «Espainia maite ez duen jendea bidali egin beharko...», esan du Jose Bono ministroak. Bere hitzekin izututa beharbada, ez da ausartu esaldia bukatzen, baina zer nahi duen baino gehiago eman du aditzera dagoeneko.
Jose Bonok, UPNk bezala, iragan hurbilaren mina du eta gaur egun ere horri eutsi nahi dio. Lehena da ukazio frankistaren lehen oinarriak aldarrikatzen: ez dago euskal naziorik, ez dago nazio katalanik, ez dago Estatuan Espainiakoa ez den beste bandera nazionalik. Izan ere, badago inork esaten ez duen zerbait, esatea desegokia izango bailitzateke, baina leize psikologiko bat zabaltzen du katalanen eta euskaldunen nazioen eta Espainiaren artean. Beren banderak berez bateraezinak direla, alegia: Espainiakoarentzat, bere inperioak porrot egin duela frogatzen dute ikurrinak eta senyera-k, behinola itsasoz haraindian zapaldutako nazioak baino gertuago dituenak ezin izan dituela espainoldu; beste bientzat, Espainiako banderak gizakiaren burugabekeria arbuiagarrienak ekartzen ditu gogora: dena menderatu behar hori, bestearenganako mespretxua eta haren hizkuntza eta kultura suntsitu nahia. Ikur bateraezinak dira, beraz, eta ezin dira udaletxeetan inola ere elkarren ondoan jarri sentimendu kontrajarriak sortu gabe.
Banderen borroka, ondorioz, menpeko nazioek normaltasun politikoa berreskuratzen dutenean bukatuko da. Leitzako herritarrek, herri duintasunak bultzaturik, ez dute onartuko inorkalkate euskaldun batek hain gutxi espainiarren presioei amore ematerik eta besteak baino gorago egon behar duen bandera Euskal Herriko bandera nazionala udaletxetik kentzerik. Patxi Saenzek, Leitzako alkateak, ez luke ahotan hartu behar beldurraren mamua eta aditzera eman udal gobernua UPNren esku eror daitekeela, batek baino gehiagok pentsatuko baitute alkatetzari eutsi nahiago duela bere herriaren eskubideak bete baino.
Berria , 17/5/2005 (euskara)
Nabarralde , 18/5/2005 (gaztelania)
victoralexandre.cat , 21/12/2006 (katalana, euskara, gaztelania)