Nork bere burua zigortzeko ohitura

Nork bere burua zigortzeko ohitura
Mendekoak diren edo beste erkidego baten pean dauden kolektibitate guztiek dute beren burua zigortzeko ohitura. Garai eta kontinente guztietan, bere burua izan du beti herri batek etsai nagusi. Pixkanaka-pixkanaka morala hondatu ondoren hain dira handiak horren autoestimu falta eta porrot sentimendua, non bere burua errudun gisa ikusteko baino ez den gai. Genero indarkeriaren biktimei gertatzen zaien bezala, nahikoa du galtzaileak erasotzailearen begirada bat errudun sentitzeko eta barkamena eskatzeko. Izan ere, biktimak bere «jabearekiko» duen mendekotasun emozionalak galarazi egiten dio edozein altxamendu edo askatze. Eta pena da, arazoa ez baita indarra -erasotzailea da beti ahulena-, bere buruarekiko konfiantza falta baizik. Horixe falta zaio biktimari, hain zuzen. Katalunia eta Euskal Herria dira gaixotasun horren adibide. Hainbat urtean psikologikoki mendeko izan ondoren, errudun-konplexua dute, eta horrek alfer-gurpil batera bultzatzen ditu; hala, borreroaren gizatasuna eta biktimaren berezko gaiztotasuna erakutsita soilik justifika daiteke joera hori. Beraz, beren miserietan sakondu behar izaten dute mendekotasuna ezkutatzeko.

Kataluniaren miserietan sakondu eta horiek erakusten ditu El Mundo egunkariaren argitalpen taldeak ateratako La veritat no necessita màrtirs (Egiak ez du martiririk behar) lanak -debekatuta dago Espainiarenak erakustea-. Aldez aurretik pentsatutako liburu nazkagarria da, Lluis Companysi buruzkoa; 400 orri ditu eta beste egile batzuek esan dutena esanez babesten du egileak bere burua. Liburuak saltzeko modu bitxi eta lotsagabea, ezta, irakurle? Laidoztatzaileak dioenez, Companys mozkorra, gonazalea, ezjakina, egozalea, oligofrenikoa eta abokatu txarra zen; eta ospea bilatzen zuenez, pozik egon beharko luke naziek egin ziotenarekin; izan ere, haiei esker hil zuen Francok, eta horregatik sartu zen historian. Katalan batek idatz al lezake gauza nazkagarriagorik? Asko gorrotatu behar du batek bere burua horrela aritzeko. Giza ilun-argiak bilatzen hasita, zergatik ez zaigu mintzatzen laidoztatzailea bere gisakoei buruz? Zergatik ez du onartzen, jator-jator, Companysi eta Esquerra Republicanari dien gorroto itsua? Companys listu bihurtuta, zera galdetzen diot neure buruari: zenbat denbora beharko du laidoztatzaileak munduari horrelako beste berri bat emateko? Adibidez, Francesc Macia presidenteak inpotentzia, halitosisa, haizeak eta gernu-jarioa, eskuak izerditan eta oinetako kiratsa zituela. Argitaratzailearen hitzak parafraseatuta, horrela «argiago» ikusiko genuke Macia, «giza ikuspegitik, ez ikuspegi mitiko batetik».

Oso ongi iruditzen zait egia bilatzea, jatortasunak bultzatuta bada; hau da, bilaketa hori gezurra zuritzeko ez bada eta narratzaileak pertsonaia lehen orria idatzi aurretik zigortu ez badu. Asmoak bestelakoak badira, ordea, zorroztasuna falta zaio emaitzari, eta liburua irain bilduma hutsa bihurtzen da. Eta penagarria da, gainera; alegia, Kataluniari buruzko inolako ekarpenik ez egiteaz gain, nazionalismo espainolarekin xedeekin bat egitea: Kataluniako erreferenteak lotsagarri uztea eta Espainiaren nagusitasunaren aurrean moralki porrot eginaraztea. Euskal Herrian ere badira horrelako isilpeko ekintzak. Euskal edo katalan nortasuna inolako lotsarik gabe darabiltenak muturrekotzat jotzean datza hori. «Gorroto diote Espainiari, eta guztiaren errudun egiten dute», esaten dute erregionalistek independentistei buruz. Oker dabil erregionalismoa, ordea, nahastu egiten baititu autoestimua -berari falta zaiona- eta beste batekiko gorrotoa. Izan ere, herabea erabakitzeko ahalmena duenaren lotsagabetasunak haserretzen du batez ere. Bere burua zigortzen du lehenak; besteak, berriz, askatasunaren inguruan biltzen ditu bere indar guztiak. Ziegan eroso egoteko modua bilatzen du lehenak; handik irteteko bidea, berriz, besteak.

Erreferenteak desegiteko independente izan beharrik ez dagoela da haize bila ibiltzen denaren beste printzipioetako bat; izan ere, «frantsesek eta ingelesek egin dituzte Frantziaren eta Ingalaterraren aurkako kritika garratzenak, hurrenez hurren», 'Eta noiz egin dituzte halakoak?' galdetu behar da, 'independente izan baino lehen edo ondoren?' Bitxia da, estatutuko Kataluniaren eta Europako bi estatu nagusien arteko alderaketa; argudioen maila handia ikusita, beldur naiz ez ote dudan oso galdera erraza egingo: bere erreferenteak desegiteak besteenak hartzea dakarrela ez ikusteko bezain inozoa izan al daiteke erkidego bat?

Hauxe da barregarriena: laidoztatzaileak esatea interesik ez edukitzea dela Espainiako erregeari aurre ez egiteko arrazoia. Ez al zaio axola demokraziaren guztiz kontrako erreferente espainiarra ordaintzea? Ez dio axola edo ez du adorerik Espainiako Konstituzioko 56. artikuluari aurre egiteko? -horren arabera, «erregea bera ukiezina da, eta ez du inolako erantzukizunik»-. Companys ez bezala, hain zuzen, amaiera arte onartu baitzuen bere erantzukizuna.

Nolanahi ere, menderatzaileak ezin du irabazi laidoztatzailearen laguntzarik gabe. Bi gauza lortzen dituzte elkarrekin: mendekoak bere buruaz lotsa sentiaraztea, munduarentzat eredu dela sinetsita, eta ez konturatzea independentzia heldutasunaren ondorio dela, ez inozokeriarena. Horregatik, herrialde helduak estatu independente bihurtzen diren bitartean, laidoztatzaileak mespretxatu egiten ditu berea ere halakoxea izan zela gogoratzen diotenak. Pertsona oso eta konplexurik gabekoek horrexegatik ez dute lekurik herrialde garaitu eta berezko izaerarik gabekoetan.

Berria , 25/1/2007 (euskara)
Nabarralde , 25/1/2007 (gaztelania)
El Triangle , núm. 816, 26/2/2007 (katalana)