Espainiari atxikimendurik ez izateagatik
Diktadura bat balitz bezala, Poliziak ez dauka atxilotua erruduna dela frogatu beharrik: atxilotuak frogatu behar du errugabea dela. Beraz, inolako eskubiderik gabe dago, eta ez dauka kanpokoekin harremanetan jartzeko aukerarik txikiena ere. Lege aldetik, munstro bat da, lege aberrazioa, bere garaian PSOEk sortua eta PP, PSC eta CiUren botoekin onartua. Haiek ekarri zuten, beraz, lege hori; egun batetik bestera gutako edozein, Poliziaren oker bategatik edo estrategia politikoagatik, Estatuaren zigorgabezia blindatuaren biktima bihur dezake.
Hain zuzen ere, bidegabekeria horixe gertatzen ari zaio Nuria Portulasi, eta horrexegatik egiten da elkarretaratze bat asteazkenero, ilunabarrean, Gironako ICV-EUiAren egoitzaren aurrean, Barne Saila indar politiko horren esku baitago. ICVri leporatzen zaio eskubide oinarrizkoak urratzen dituen lege bat erabiltzea, eta prozedura juridikoak aldatzeko edo leuntzeko ezertxo ere ez egitea. Baina uste dut ICVri, zoritxarrez, ez zaizkiola batere inporta elkarretaratze horiek. ICV alderdiari -bide batez esanik: Ezker Batutik oso urruti dago, beste muturrean- jendearen egiazko arazoak bakarrik inporta zaizkio, eta, jakina, Nuria Portulasen arazoa ez da egiazko arazo bat. Nuria Portulasen arazoa bere burua da; hau da, Nuria Portulas ez da existitzen. Jende guztiak daki Joan Saura eta Imma Mayolen alderdiak badituela sistemaren kontrako neska gazte bat defendatzea baino zeregin hobeak. Gainera, nola izango da, bada, Nuria Portulas sistemaren kontrakoa, Mayolen arabera bera baita sistemaren kontrako benetakoa? Hori da Portulas gazteak ikasi beharko lukeena. Hau da, ikasi beharko luke Katalunian sistemaren kontrako bikoteetan kontrakoenak, eskuinik atzerakoienaren pareko soldata galantei esker aberasteaz gain, oso gustu ona duela eta Bartzelonako Gracia pasealekuko 6 zenbakian erosten duela arropa; hau da, azken ehun urtean hiriko eliterik kontserbadoreenak erosi duen denda berean.
Katalana izatea eta Espainiari atxikia ez egotea ez ezik, Nuria Portulasek badu beste arazo bat ere: atxilotu dutenak ez dira iparramerikarrak, eta dagoen kartzelaren izena ez da Abu Graib edo Guantanamo, baizik eta Soto del Real. Eta hori, jakina, ez da oso gogo-pizgarria munduaren egiazko arazoez kezkatzen den alderdi batentzat. Horregatik, irakurle batek baino gehiagok pentsatuko du: "Atxilotu egin badute, zerbaitengatik atxilotuko zuten". Bada, bai, harremana zuen preso anarkista batekin. Baina horrek ez du terrorista bihurtzen, ezta? Ez, behintzat, zuzenbide estatu batean, baina bai estatu polizial batean. Estatu polizial batean denok gara susmagarriak.
Hauxe esan du Nuriak kartzelan bertan: "Orain, ez gaituzte kriminalizatzen zerbait egiteagatik, baizik eta modu jakin batean pentsatzeagatik". Arrazoi du, estatu polizialek etengabeko arriskua behar baitute zuribide gisa, herritarrak kontrolatu ahal izateko eta asmoak juzgatuz kartzelatu ahal izateko. Horregatik, indarkeria eten izanak erakutsi du Estatuaren egiazko obsesioa ez dela ETA, baizik eta Espainiaren batasuna. Argi eta garbi esan zuen Dolors Nadalek, PPko diputatuak, 2004ko otsailaren 19an: "Arazoa ez da Carod auzia, ezta hark ETArekin hitz egin izana ere, baizik eta Espainiatik askaturiko Katalunia eraiki nahi dutenen ideia independentistak". Badago argiago hitz egiterik? Beraz, modu jakin batean pentsatzeagatik kriminalizatzen gaituzte, Portulasek esaten duen bezala. Badakizu, irakurle, Mossos de'Esquadrak fitxatuak dituela gutxi-asko aktiboak diren katalan gazte independentista guztiak? Guzti-guztiak. 2000. urte aldean hasi ziren egiten, Xavier Pomes kontseilariaren garaian: dokumentazioa eskatzen diete festa edo tradizio kutsua duten ekitaldi subiranista guztietara joandako gazte guztiei, eta banan-banan hartzen diete izena. Hala, erregimen totalitario guztietan bezala -zeinetan, lehenbizi, atxilotu egiten duten, eta ikertu gero; zeinetan frogarik gabe kartzelan sartzen zaituzten eta disidentzia kriminalizatzen duten-, Espainiarekiko atxikimendurik gabeko milaka eta milaka lagunen zerrenda bat dute, legez kanpokoa eta xehetasun osoz egina.
Nuria Portulasek ez du inolako deliturik egin. Hori badaki Kataluniako Poliziak, badaki Saura kontseilariak eta badaki Espainiako Auzitegi Nazionalak, baina bahiturik daukate, beldurra ematen dien guztia ordezkatzen duelako: pentsamolde librea, elite pribilegiaturik gabeko mundu baten utopia eta autodeterminazio eskubidearen defentsa munduko herri guztientzat. Horixe da Nuria Portulasen krimena, eta horixe izango da haren garaipen behin betikoaren indar suntsiezina.
Gartzelako argazkia. Mugikor batek hartutako irudian, Soto del Realen giltzapetuta dagoen Núria Pòrtulas ikus daiteke, bisiten kabina bateko interfonoz hitz egiten.
Berria , 22/3/2007 (euskara)
Nabarralde , 22/3/2007 (gaztelania)
El Punt , 29/3/2007 (katalana)
Racó Català , 10/4/2007 (katalana)