Etsipenaren estatutua

Etsipenaren estatutua
Kataluniarra naizenez, lotsatuta ikusi dut nire herrialdeko politikariek estatutu berria negoziatzeko orduan eman duten itxura penagarria, eta lotsa eman dit haien heldutasun eta gaitasun ezak. Oso penagarria izan da gutxi batzuen arduragabekeriak, koldarkeriak, duintasun ezak eta botere irrikak herri osoa umiliarazi dezaketela ikustea. Orain, tamalez, historiak Etsipenaren Itunaren irudia betiko gorde izana da Kataluniari geratzen zaion kontsolamendu bakarra. Horixe baita, hain zuzen, urtarrilaren 21eko Masen eta Zapateroren arteko esku estutzeak ekarri zuena: Etsipenaren Estatutua.


Psikologiara jo behar da bere burua naziotzat eduki arren haurtzaindegia balitz bezala jokatzen duen herrialde baten jokaera hori azaltzeko; eta, horretarako, nahikoa da Carod auzian izandako jokaera gogora ekartzea. Madrildik zetozen erasoei aurre egin beharrean, Esquerra Republicana eta, horrekin, baita independentisten Parlamentuko ordezkaritza ere suntsitzeko baliatu zuten aukera Kataluniako alderdi politiko guztiek. Zorionez, ez zuten halakorik lortu, baina aukera paregabea galdu zuten heldutasunez eta buruarekin jokatzeko eta Kataluniak bere buruaz dioena dela erakusteko. Orain, horixe bera gertatu da estatutu berriarekin. Alderdi politiko guztiek bakarka eta beren aldetik negoziatu dute Espainiako Gobernuarekin, beren berekoikeria Kataluniaren interesen aurretik jarriz. Eta larriena da nazioaren beraren estimua hain dela baxua, non ez baitago adore nahikoa politikariei eskatzeko lotsa pixka bat edukiz gero politika betiko uzteko.

Hala ere, fartsa hori guztia onartu duten alderdiak CiU, PSC eta ICV zekenkeriagatik eta duintasunik ezagatik gezurretan ari direla jakin behar dute kataluniarrek, eta mehatxu bidez gu guztiok iruzur historiko horren konplize egin nahi gaituztela. Izan ere, hemendik urtebetera bi urtera gehienez ikusiko ditugu estatutuaren gabezia guztiak. Aldeek badakite hori, noski, eta ez dute beraiek bakarrik porrot egin nahi; horregatik nahi dute guk ere «bai» esan dezagun, haien zekenkeria gurea ere izan dadin.

«CiUk izan behar zukeen Generalitateko buru, baina ERCk Maragallen alde bozkatu zuen, presidente nazionalistari babesa eman beharrean», adierazi zuen Josu Jon Imazek. Hara ba: Masen eta Zapateroren arteko ituna baino adibide egokiagorik ez dago, bat etortze hura gertatu ez izanaren arrazoiak ulertzeko. Horrek ez du esan nahi beste aukera zela egokiena PSCren espainolismo erosezina da argi eta garbi dagoen gauza bakarra, baina zenbaterainoko konfiantza eduki genezakeen CiUrengan, kontuan hartuta ERCrekin hitzartzeko aukera eduki zuenean frankismoaren balioak babesten dituztenekin jarri zela ados eta bitan egin zuela Jose Maria Aznar falangista presidente?

CiUk bi akats oso larri egin ditu: etikoa bata, gezurra esatea, eta politikoa bestea, partida amaitutzat jotzea. Hain da handia ERCren aurkako mendeku gogoa, non itsumustuan jokatu duen eta orain hauteskundeak aurrera litzaketen nahiko lukeen, irabazi egingo lituzkeela pentsatzeagatik. Ez zaio burutik pasatu ere egin herriari iruzur egiteak zer-nolako boto galera ekartzen duen, behin iruzurra agerian geratuta.

Esquerra, berriz, une erabakigarrian dago; horren ondorio dira alde guztietatik dituen presioak. Guztiek behar baitute. Batetik, haren botoak behar dituzte Etsipenaren Estatutuaren sinatzaileek, gizartearen eta historiaren aurrean zilegi izateko eta independentismoa nazioaren duintasunaren berme gisa sendotu ez dadin; bestetik, ERCren «bai» hori behar du Alderdi Popularrak ere, espainiarren aurrean Zapatero amore emaile gisa uzteko. Beraz, nahiz eta itxurak gorde, Zapaterori bakarrik komeni zaio errepublikanoek «ez» esatea, «ez» hori baitu Alderdi Popularraren diskurtso apokaliptikoaren aurkako armarik onena.

Zentroko nazionalismo espainiarrak eta Kataluniako erregionalismo eskuindarrak sinatutako estatua segada dela ikusteko, nahikoa da Josep Piquek akordioaren berri eduki bezain pronto erakutsi zuen poza gogora ekartzea, zoriontsu agertu baitzen Alderdi Popularraren estatutu proposamenak estatutuan islaturik agertzeaz. Mariano Raxoik eta Angel Acebesek isilarazi egin zuten Pique berehala, Zapatero boteretik kentzeko kanpaina agerian utz ez zezan. Nahi gabe, baina, estatutuaren fartsa ikusarazi zien Piquek kataluniarrei. Eta Kataluniako Alderdi Popularraren poz horri Espainiako kobazuloko kide batzuena gehitzen badiogu, Jose Bonorena, Peces Barbarena eta Rodriguez Ibarrarena besteak beste pozik geratu baitira emaitzarekin eta Kataluniako eskuinaren duintasun ezarekin, herria umiliatzeko gai baitira, boterea berreskuratu eta Madrilen ministro izateagatik, argi geratu izango dira kataluniarren estatutu honen maltzurkeriaren inguruko zalantzak.

Kontuan eduki beharko luke Esquerrak gaur egun izan dezakeen jarrera irmoaren araberakoa izango dela etorkizunean izango duen sinesgarritasuna. Prest egon behar du datozen hauteskundeetan bi urrats aurrera egiteko orain atzera bat egiteko, CiU, PSC eta ICV beren iruzurraren biktima izan daitezen. Alde horretatik, adibide ona izan daiteke Euskal Herriak Espainiako Konstituzioari emandako ezetza. Erreferendum hartan euskaldunek euskaldun gisa ez, baizik eta espainiar gisa bozkatu zutenez, nahi ez zuten Konstituzioa onartu behar izan zuten. Beraz, horiek dute inork baino eskubide handiagoa Konstituzioko printzipio atzerakoiak errefusatzeko. Bide horri heldu beharko lioke Esquerrak. Ez luke utzi behar gainerako alderdi politikoek ospea galtzera eraman dezaten, eta historiako une erabakigarri batean kataluniarrei egia esan zien alderdi bakar gisa agertu beharko luke. Gaur egungo itxurazko ahultasun hori izango du indar etorkizunean.


Berria , 16/2/2006 (euskara)
Nabarralde , 17/2/2006 (gaztelania)
Racó Català , 18/2/2006 (katalana)