Orain gure txanda da

Orain gure txanda da
Zuek uste duzue Xirinacs hil izanak ekarriko duela politikariak esna daitezela eta Kataluniari norabidea alda diezaiotela?», galdetu zuen gizon batek irailaren 11ko Diadako ekitaldietan. Jende guztiak ezetz erantzun zuen. Horixe baitzen ondorio logikoa zenbait politikarik eta TV3k esanikoa aditu ondoren. Izan ere, orain badirudi Xirinacs «Francoren kontrako borrokaren sinbolo» besterik ez zela, gizon zahar bat, denboraren joanean izaki zaharkitu bihurtua, errealitatearekiko inolako loturarik gabea. Are gehiago: batzuek buruko gaixotzat ere jo dute, burua gaizki zeukan eta zentzugabekeriak esaten zituen gizontzat. Irain lotsagarria da, bai horixe. Baina, ondo pentsatuz gero, irain horrek ez du zertan gu ukitu, ezinaren fruitu baita. Iraina, azken batean, ez da irain egiten duenaren muga intelektualen jendaurreko erakusgarria besterik, irainduaren gailentasun moral itzelaren erakusgarri argia. Alde horretatik, Xirinacsek hauxe utzi digu ondare gisa: boterean nahiz iritzia sortzeko guneetan egonik, Kataluniaren amore ematea bete beharreko arau bihurtu dutenei emaniko erantzuna. Hain da itsua haien berekoikeria, hain da zinikoa haien desertzioa, ezen ez baitira gai historian izango duten leku tristea ikusteko.

Badira Xirinacsen izena belztu nahi dutenak hura antitesi erabatekoa zutelako. Haientzat, Espainiaren menpeko izatea norberaren edo alderdiaren interesak zaintzeko modu bat da aspalditik; autodeterminazioa ergelkeria dela esaten dute, edo Kataluniak ez duela eskubide historikorik, edo PPrekin bat egiten dute Madrilen katalan hizkuntzaren batasunaren kontra, edo, aspaldi ez dela, Estatutuari baietz esateko eskatu dute, gu denok iruzur historiko batean partaide bihurtzeko. Baina, hara, Kataluniako azpiegituren oraintsuko kolapsoak agerian utzi du zenbateraino garen Espainiak ustiaturiko kolonia bat, gure politikariek bai ideologiagatik bai koldarkeriagatik emaniko oniritziaz. Politikari horiek berek, iritzi sortzaileen gorte guztiarekin, otzandurik nahi gaituzte, amore emaile eta menpeko, beraiek bezala; politikari horiek berek esaten digute ez dela independentziaz mintzatzeko garaia, badirela gauza garrantzitsuagoak. Eta zein dira, bada, independentziarekin batere zerikusirik ez duten gauza garrantzitsu horiek? Aulkiak, beharbada? Karguak, alderdietako hierarkia, norberaren harrokeria? Esango digute botoak behar direla aurrena, katalan herriaren eta euskal herriaren burujabetza erabatekoa lortzeko. Baina hori ez da egia. Geldikeria zuritzeko aitzakia besterik ez da. Politikariek dute gizarteari kontzientzia harrarazteko obligazioa, baita azaltzekoa ere gaur egun katalan nazioak eta euskal nazioak dituzten arazo guztiak -guztiak- beste herrialde baten menpeko izatearen ondorio direla.

Xirinacs «gidarien traizioaz» mintzatu ohi zen, eta, hala, agerian uzten zuen zein eskuzabala zen... Izan ere... non daude gidariak? Gandhi bai, hura gidaria zen. «Egiten duzuna egiten duzula, beharbada ez du ezertarako balioko, baina garrantzitsua da egin dezazun» esaten zuen gizon hark askatasuna itzuli zion Indiari. «Baina India herrialde pobrea da», pentsatuko du baten batek. Bai, hala da, India herrialde pobrea da. Eta zer? Indiarrek askatasuna ez zuten aberats izateko nahi, baizik libre izateko. Askatasunak ez du aberastasunik ematen; askatasunak duintasuna ematen du.

Beraz, beharrezkoa zaigu independente izatea, ez geurekoikeriagatik, baizik elkartasunagatik. Ez baitugu Barajasko aireportuarekin eta Madrilgo autobiekin eta metroarekin solidario izan nahi, baizik eta 40 urteko bizi itxaropena duten herriekin. Gurearen erdia. Beharrezkoa zaigu independente izatea geure bizkar bizi diren errege-erreginengandik askatzeko; beharrezkoa zaigu independente izatea gure Parlamentua ez dadin izan beste Parlamentu baten menpeko, zeinak ez baitigu uzten ezta gure hizkuntzan mintzatzen ere. Bada, orain gure txanda da. «Erradikal» deituko digute, dudarik gabe. Baina beste ezer deitzerik ez daukatelako deituko digute erradikal. Bai, erradikalak gara, jakina. Erradikalaren kontrakoa atzerakoia delako gara erradikal. Eta atzerakoiak dira, eskuineko zein ezkerreko, Katalunia eta Euskal Herria auzokoen menpe betiko egon daitezela nahi duten guztiak. Eta, erradikalen gisan konplexurik ez dugunez gure eskubideak aldarrikatzeko orduan, exijitu behar diegu gure politikariei ez dezatela bazter batean utz beren katalantasuna edo euskaltasuna, ez dezatela ahaztu beren herriarekin dutela konpromisoa, ez beren alderdiarekin. Beren herriarekin eta bizia haren askatasunaren alde eman zutenekin. Izan ere, horrela izan ezean, historiak ez baldin badu ezertarako balio, eta egonkortasunaren izenean nazio libre eta burujabeak izan ginela ahaztu behar baldin badugu, zer zentzu dute Diadako eta Aberri Eguneko ekitaldiek? Anbizioa zilegi da, baina konpromisoa noblea da. Eta zilegitasuna edo noblezia aukeratu behar denean, zintzoki uste dut noblezia aukeratu beharra dagoela. Horregatik eskatu behar zaie gure politikariei anbizioa edo konpromisoa aukeratu behar horretan konpromisoa aukeratzeko.

Esan izan da Lluis Maria Xirinacsek bere buruaz beste egin zuela. Ez da egia. Xirinacsek ez zuen bere burua hil: non hil nahi zuen aukeratu besterik ez zuen egin, eta, han zegoela, bare-bare utzi zuen bizia gorputzetik joan zekion. Hori izan zen haren burujabetasun ekintza, Heriogana joatea, hari errepidean edo ospitaleko ohean etzanda itxaron beharrean, eta hori da haren bizi testamentua: guri esatea geu garela, geu bakarrik, gure patuaren jabe.

Racó Català , 17/8/2007 (català)
radiocatalunya.ca , 17/8/2007 (català)
El Punt , 24/8/2007 (català)
Berria , 20/9/2007 (euskara)
Nabarralde , 21/9/2007 (español)