Erabateko setio egoera Euskal Herrian

Erabateko setio egoera Euskal Herrian
Benetan eskandaluzkoa da Justizia eta Espainiako Gobernua egiten ari direna Euskal Herrian. Arrazoi du gobernu autonomikoko bozeramaile Miren Azkaratek dioenean euskal gizartea epaitzen ari direla, bere buruaz bere kabuz erabaki nahi izate hutsagatik. Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren aurkako epaiketak, Batasunarekin hitz egin izateagatik -ez al dira diktadurak elkarrizketa krimentzat jotzen dutenak?-, eta ezker abertzalearen aurkako jazarraldiak -Alderdi Sozialistaren hauteskunde interesak bakarrik asebetetzearren egindakoak-, ondorio larriak eragingo ditu euskal eta espainiar gizarteetan.

Ezbairik gabe, atentatu baten erruduna atentauaren egilea bera da, baina indarkeria politikoaren agertokiek badituzte erantzule politikoak. Eta ETAren berrogei urteko bizialdiak argi erakusten du ez dagoela gatazka amaitzeko borondate politikorik. Aitzitik, Alderdi Popularrak eta Alderdi Sozialistak ahalik eta hauteskunde errentagarritasunik handiena ateratzen diote. Moralgabea da, jakina, baina noiz erakutsi dute bakea axola zaienik boterea baino gehiago?

Terrorismoaren Kontrako Legea eta Alderdi Politikoen Legea, argi eta garbi, demokraziaren aurkako legeak dira, eta erregimen totalitarioei dagozkienak berez; eta, gainera, jakinekoa denez, inolako eraginik gabeak arazoa konpontzeko. Lehena, Terrorismoaren Kontrako Legea, ezker independistek parlamentuan ordezkaritzarik ez izateko zurigarria da -botorik izan ezean, ez da aulkirik-; nahiz eta, ikusi dugunez, horrek berekin ekarri pertsona errugabeak espetxeratzea eta egunkarietako zuzendariak berak ere torturatzea.

Kontuak horrela izanik, ezker abertzaleak hobe luke Alderdi Sozialista ez gutxiestea. Gogorarazi egin beharko ote zaio alderdi horren erregimenaren menpean bizi izan zirela Espainiako Estatuan ustelkeria politiko, polizia tortura eta Estatuaren terrorismo kasurik eskandaluzkoenak? Gogorarazi egin beharko ote zaio alderdi horrexek berak landu duela Memoria Historikoaren Lege bat, zeinak ez baititu baliogabetzen frankismoaren epaiketa guztiz sumarioak, eta, PSCren eta ICVren botoei esker, legezkotzat jotzen baitu Lluis Companys presidentearen fusilatzea.

Bada, alderdi horrek berak setio egoera ezarri du Gipuzkoako Segura herrian, hango biztanleak identifikatzera behartzeraino eta haien mugimendu guztiak kontrolatzeraino. Euskal Herriko zenbait herritan, bestalde, terrorismo delitua da lau pertsonaren arteko bilera bat egitea. Frankoren garaian bezalaxe. «Bitik gora, ezetz», esaten zuten garai haietan.

Jakina, euskal autonomia bertan behera ere utz dezakete azkenean, Alfonso Guerrak eta Juan Carlos Rodriguez Ibarrak eskatzen duten bezala, baina ez da beharrezkoa izango, Ibarretxe lehendakariak ez baitu inolako erreferendumik egingo, Alderdi Sozialistaren adostasunik gabe. Ibarretxek ondo baino hobeto daki keinuen hizkera, baina nekez aurpegi emango dio Espainiako Gobernuari, ez behintzat hura jendaurrean nabarmen uzteraino. Eta hori tamalgarria da, norbait erreferendum baten aurka matxinatzen ikustea baita haren kultura demokratiko apalaz jabetzeko modurik egokienetakoa.

Politikan ez da irudi patetikoagorik, bozen eta armen arteko, eta demokraten eta totalitaristen arteko buruz buruko hori bainoago. Alegia, armen indarrak bahituriko bozketena. Zuzenbide Estatua ere baderitzo horri nor edo nork, pentsa!

e-notícies , 15/10/2007 (català)
Berria , 18/11/2007 (euskara)
Nabarralde , 18/11/2007 (español)