Euskal Herria eta Katalunia bidelagun

Euskal Herria eta Katalunia bidelagun
Dirudien baino garrantzitsuagoa izan da joan den abenduaren 29an Euskal Herriko eta Kataluniako selekzio nazionalek San Mames estadioan eta 40.000 ikusleren aurrean jokatu zuten futbol partida. Bi federazioetako presidenteen, Iñaki Dobaran eta Jordi Rocheren adierazpenak ñabardura handikoak izan dira, ezbairik gabe, eta betiere izkin egin diete kontuaren alderdirik korapilatsuenei. Dobarani galdetu diotelarik, esate baterako, ea Federazioa politikatik bereizi nahian dabilen, erantzun du batzordeko kideei aipatua ziela halakoxe jarrera behar zuela hartu, alegia partida politizatzea saihestea, "zeina bai baitakigu 'match-ak' berekin dakarrela, baina guk ez dugu horri buruzko iritzirik eman behar. Ezbairik gabe, futbolzale asko eta asko dira, bai eta futbolzale ez direnak ere, beren selekzioak lehiaketa ofizialetan jokatzen ikustea gogoko luketenak. Hori da helburua".

Jordi Rochek, berriz, honela erantzun dio Madrilen erreakzioak kezkatzen ote duen galdetu diotelarik: "Alde batera utzi behar dugu. Bada sentimendu bat, eta bihurgune batera iritsi gara. Hondoa jota genbiltzan partiden ereduei zegokienez, eta orain selekzioaren aldeko gogoa susperrarazi behar dugu berriro. Jokatzeak berekin dakar, halaber, lehiatu ahal izateko eskubidea aldarrikatzea, Eskoziak egiten duen bezala. Bat baino gehiago harrituta geratuko litzateke jakingo balu FIFAk zenbat herrialde hartzen dituen aintzakotzat. Zenbaitzuek nahiago lukete selekzioarenak egingo balu, baina Kataluniak ez du horretarako bide eman. Lehenbiziko urratsa da barnean aintzakotzat hartuak izatea. Bigarrena, aurrera egitea, ofizialtasunerantz. Eta argi eta garbi dago denak ere baduela sentimendu bat, eta asko duela aldeko. Hor esku hartzen du alderdi politikoak".


Hortaz, bada, ezinezkoa da funtsean alderdi politikoa saihestea. Hala erakutsi zuen partidak. Inori axola al zitzaion emaitza? Golak sartzen ikusteko irrikari edo partidaren zama sinbolikoari eskerrak bete zen San Mames? Politizazioa bertatik bertara suma zitekeen, eta beti sumatuko da, bai lagunarteko partidetan bai partida ofizialetan, kirola ez baitute ez euskaldunek ez kataluniarrek politizatu, baizik eta nazio-estatuek. Estatuek sortu zituzten selekzio "nazionalak", beren lurraldeak kirol epikaren bitartez lotzearren. Estatuek politizatu dituzte lehiaketa nazioartekoak, eta banderen nahiz ereserki nazionalen gorespen bihurtu Olinpiar Jokoak; estatuek banandu dute mundua herri eskubidedunen eta herri eskubidegabeen artean. Fernando Alonsoren irudiarekiko gorespen aberkoia, Katalunian, eta TVáko zarakar sozialistaren lankidetza bozkariozkoa, esate baterako, kartsutasun horren oinordeko dira. Ez dute nahikoa beren "selekzioa" izatearekin; horrez gainera, "halabeharrezko espainolez" josi beharra daukate, noizbehinka dominaren bat irabaztearren eta "Jainkoa espainola dela" irudikatzearren.

Baina egunen batean eragozpen horiek guztiak bertan behera eroriko dira, eskubideen indarrak bultzaturik; eta, Espainiak, baldin eta bere harrotasunak horretarako biderik ematen badio, Kataluniari edo Euskal Herriari aurre egin beharko dio orduan lehiaketa ofizial batean, eta balizko garaipen baten ahalbidea onartu beharko du. Bien bitartean, Jose Montilla ez da joango aurrerantzean ere presidente den herrialdeko selekzioaren lagunarteko partidetara, groteskoa bailitzateke, koherentziarik gabekoa ez ezik, kataluniar eta euskal selekzioen aurkako alderdi politiko bateko idazkari nagusia izatea palkoko presidente eta, aldi berean, estadioko ikusleek haren aurka jotako txistu izugarriak entzun behar izatea. Nolanahi ere, aipaturiko partidaren garrantziak ez du inolako zerikusirik Montillarekin, baizik eta elkar maitatzen, miresten eta errespetatzen duten bi herriren batasunarekin. Herri horiek biek ikasgai bikaina eman zieten beren gobernuei, eta helburu komun bat erdietsi zuten. Izan ere, ez da oso buruargia izan behar konturatzeko zer-nolako garrantzia izan dezakeen kirol batasun halakoa jokaleku politikora aldatzeak. Kataluniako eta Euskal Herriko gobernuak ulertzen dutenean banandurik baino indartsuagoak direla elkar harturik, orduan nor bere Estatua erdiestear egongo da.



e-notícies , 3/1/2008 (català)
Berria , 16/1/2008 (euskara)
Nabarralde , 16/1/2008 (español)