"Ez hitz egin niri zure hizkuntzan, iraindu egiten nauzu eta"

Eztabaidetan euskal diputatu batek euskaraz hitz egiten badu, zer eztabaida klase izango da hori?», galdetu zuen Eduardo Zaplanak, PPk Espainiako Kongresuan duen bozeramaileak. «Sen onak esaten digu denok hizkuntza bat baldin badakigu hizkuntza hori erabili behar dugula, hizkuntza horrek baitzen baikaitu», tematu zen Zaplana. Jakina, ERCko diputatuen eta senatarien erabakiari buruz ari zen, Kongresuan eta Senatuan katalanez mintzatzea erabaki baitute. Kontua da Zaplana espainieraren sen onaz ari dela eta hori egiazko sen onaren bertsio apokrifoa dela. Nahikoa da egoera eta subjektua aldatzea haren argudioa indarrik gabe uzteko: Zer hizkuntzatan hitz egiten dute Batasuneko diputatuek Europako Parlamentuan, Jaime Mayor Orejarekin eta Jose/Josep Borrelekin hasita? Ingelesa hizkuntza komuna izanik, Europako diputatuek zergatik ez dute erabiltzen eztabaidetan? Arrazoia arrunt sinplea da: gauza bat delako haien arteko komunikazio pertsonalerako hizkuntza, eta beste bat, oso bestelakoa, Batasuneko hizkuntza guztiak modu bidezkoan agertzea bilera ofizialetan. Ganberako korridoreetan aleman batek eta italiar batek elkarrekin hitz egiteko erabiltzen duten hizkuntza erabiltzen dutela, alemanez eta italieraz mintzatuko dira eserlekuan.


Teknikak, nazionalismo espainiarra baino askoz bizkorragoa izanik, aspalditik asmatu zuen aldi bereko itzulpena. Horri esker, entzungailu soil batzuekin, greziar batek maltar bati erantzun diezaioke, eta maltar batek danimarkar bati erantzun diezaioke. Izan ere, Parlamentuko saioetan, nor bere herrialdearen izenean mintzatzen dira diputatuak, eta dituzten eskubideak erabiltzen dituzte. Funtsezko kontua da: Batasuna desberdintasunaren errespetuan oinarritzen bada, zer batasun klase da hori, kide baten hizkuntza errespetatzen ez bada?Zaplana jaunak dio espainierak «batzen» gaituela, baina kateaturik dago espainiarren subkontziente kolektiboa erakusten duen amarru semantiko batean. Izan ere, Kataluniaren eta Euskal Herriaren ustezko espainiartasunaren aldeko diskurtsoak oinarri bakarra du: bi herrialde horietan espainierak dituen pribilegioak. Beraz, indarraz baliatzen dira espainolak katalanen eta euskaldunen aurrean beren hizkuntzan bakarrik hitz egiteko; katalanek eta euskaldunek, aldiz, ezin dute beren hizkuntza erabili espainiarren aurrean. Alejo/Aleix Vidal-Quadras Mayor Oreja, Jon Juaristi eta Rosa Diez euskal autofobo ospetsuen parekoa oso argi mintzatu zen orain dela egun batzuk: «Kongresuan katalanez hitz egitea Espainia iraintzea da; horrelakorik ez da egin behar». Bada, aparte utzirik nolako traba den Kataluniarentzat eta Euskal Herriarentzat Espainiara atxikirik egotea, ez dago dudarik katalanek eta euskaldunek beren hizkuntzan hitz egin behar dutela Gorteetan eta Senatuan. Berdin dio probokazioa leporatzen badiete ere. Barren-barreneraino atzerakoia den batek bakarrik hartuko du hori probokaziotzat. Azken batean, hori baita kontua, haien argudioa erabiliz beraiek nabarmen uztea. Katalanok eta euskaldunak espainolak baldin bagara eta gure herrialdea Espainia baldin bada, nola liteke gure hizkuntzan ezin mintzatu izatea haienak bezain gureak diren erakundeetan?Azkenean, zoritxarrez, agerian geratzen da arazoa ez dela hizkuntza, fobia diotela baizik. Izan ere, kontua ez da katalana ulertzen ez dutelaaldez aurretik itzulpen idatzia ematen diete: kontua da ezin dutela eraman. Horregatik, oso inozoa iruditu zait ERCk halako esperantza izatea sozialistengan eta pentsatzea Europan katalanaren ofizialtasunaren alde egingo dutela. Nola defendituko du katalana, ordea, galarazteraino mespretxatzen duenak? Katalana eta euskara Europan ofizialak izatea lortzen bada, ez da izango Espainiari esker, Espainia gorabehera baizik. Horregatik saiatu behar dugu Estatuko erakundeetan katalanez eta euskaraz hitz egiteko estrategian: irain egin behar zaie iraintzat hartzen baldin badute, amorrarazi eta beren onetik aterarazi. Debeku bakoitza, ohartarazpen bakoitza, zigor bakoitza pauso bat da justizia lortzeko bidean.Alde horretatik, galdetu beharko genioke Javier Rojo Senatuko presidenteari ea zer adierazi nahi duen esaten duenean autonomien Estatutua sortu zenetik 25 urte pasatuta badagoela nahiko bide hizkuntza bat hitz egin eta maitatzen dela erakusteko. Zinismo handi samarra behar da hori esateko; zinismo eta ezjakintasun handi samarra. Borondate ona izanez gero, ezjakinak bakarrik pentsatuko du gure hizkuntza maitatzen dugula erakusteko bakarrik hitz egiten dugula katalanez edo euskaraz. Espainolek betitik oso modu bitxian erakutsi dute bere hizkuntza maite dutela: beste hizkuntza bat dutenei espainiera inposatuz.

Horregatik, Gorteetako eta Senatuko presidenteek exijitzen dutenean gure ordezkariek hizkuntz araudiak errespeta ditzatela, gogorarazi behar zaie nor bere herrian nork bere hizkuntzan egitea giza eskubide funtsezkoa dela eta eskubide hori araudien eta Espainiako Konstituzioaren gainetik dagoela. Espainiak sinatua du Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala, eta hori estatuetako lege eta arau guztien gainetik dago. Horrek esan nahi du okerra dela katalanez eta euskaraz egiteko baimena eskatzea. Eskatu beharra dagoen eskubidea ez da eskubide: pribilegio da. Espainian eskubideak espainiarrek bakarrik dituztenez, eskertzekoa da aitortzea, nahiz eta zakar onartu, katalanok eta euskaldunak horixe garela: katalanak eta euskaldunak.



Berria , 3/7/2004 (euskara)
Nabarralde , 5/7/2004 (gaztelania)
Racó Català , 6/7/2004 (katalana)
El Punt , 19/8/2004 (
katalana)
Llengua Nacional , núm. 48, III trimestre 2004 (
katalana)
AixòToca , 18/2/2006 (
katalana)
Eurotribune.net , 9/3/2006 (
katalana, ingelesa, gaztelania, frantsesa)