Disidentziaren deabrutzeaz

Disidentziaren deabrutzeaz
Kataluniako Esquerra Republicanaren (ERC) barnean sortu den borrokaren ondorioak ez dira benetan jakingo datorren ekainera arte, orduan egingo baita Kongresu Nazionala; bien bitartean, baina, edonolako trikimailuak ikusiko ditugu, arerioa higatzeko asmoz.

Oraingoz, sektore ofizialistak dagoeneko hasi dira praktikan jartzen Convergencia i Uniori lehen hirukoa sortu zelarik arrazoiz hainbeste kritikatu ziotena: gutunak edo iruzkinak bidaltzea, barra-barra, berripaperetara eta atari digitaletara. Une hartan, CiUk, Gobernutik egotzia izandakoaren erresumin osoz, ERC deabrutu egin zuen, itxuraz bat-batekoak ziruditen iritziak baliatuta; haur batek ere aise igar ziezaiekeen, ordea, federazioaren kabinete mediatikoak egunetik egunera errepikatzen zituenen kalko hutsa zirela. Orain, ERCtik, beste horrenbeste egiten ari dira, egungo estrategiarekin bat ez datozen ahotsen aurkako iruzkin omen-kentzaileak baliatuta. Inguruabarrak ez dira berberak, jakina, baina interesak berberak dira.

CiUk galdu egin zuen boterea, eta ERC -haren batzorde eragilea- boterea galtzeko zorian dabil. Egoera kezkagarria, beraz, Kataluniako Parlamentuko sigla horiei dagokiena, hango indar guztien artean idealik goi-mailakoena ageri baitute: Kataluniaren independentzia lortzea eta Europako estatu kide bihurtzea. Printzipio hori, zoritxarrez, lagunarteko hizkeran edo esaldi ordezko moduan bakarrik aipatzen baita hauteskunde kanpainan, apaingarri huts bihurtu da; eta orain zilegi dirudi edozerk, berritzaileak estigmatizatzearren. Nik neuk, eta ez naiz alderdikoa, edonolako irainak eta iruzkin omen-kentzaileak entzun behar izan ditut ERCko ustezko militante batzuengandik, bai eta isiltzeko agindu larderiazkoak ere. Horiexek dira, dagokien koldarkeria ohikoaz, gezurrak edo kalumnia beltzak esaka dabiltzanak, hainbat foro digitaletan baliatzen den barra askeak horretarako bide ematen baitie. Esan gabe doa intelektual ezdeusez ari garela, arrazoibiderako edo argudiatzeko gai ez diren norbanakoez, eta nahitaez purrustadaka eta zentzugabekeriak esanez ibili behar dutenak; argi dago, ordea, joko zikinean dihardutela, itxura orbangabea duten zenbait pertsonaren izenean.

Alde horrexek homologatzen ditu ERC eta gainerako indar politikoak: ideologia totalitarioa duten pertsonen hainbateko bat izatea beren boto-emaileen artean, haien ideologiaren mende izatea galdatzen diona multzoari. Hala, ontzi errepublikanoaren ibilbide suizida auzitan jartzen ausartzen den ahots oro «konbergentea» da, onenera jota; edo «terrorista», okerrenera jota. Paranoiak ere badu horretatik apur bat, arerioak ikusten ditu non edo non. Egia da, baina, ez direla ez alderdiaren ez inortxoren arerio, immobilismoaren arerio baizik.

Kontraesana irudi beharko luke 350.000 botoren galera ez izatea aski galera horren erantzuleek -edota ez dago erantzulerik?- jendaurrean aitor dezaten berriro ere hirukoaz baliatzea hutsegite bat dela. Batik bat PSCk, lehen legegintzaldiaren ostean, Josep-Lluis Carod-Rovira kontseilari nagusia kargutik kendu eta ERC Gobernutik kanpo egotzi eta gero. Autoestimu maila txikia behar du izan edonork edo boterearen pribilegioen premia handia, mundu guztiaren aurrean alde bietatik umiliatu duen alderdi berberari entregatzeko Generalitatea birritan. Baina hori, ongi pentsatuta, bat dator ofizialisten aurreranzko ihesaldiarekin ere, zeintzuek PSCrekiko itunaren ontasunak nabarmentzen baitituzte oraindik. Eta, azkeneko hauteskundeetan jasandako boto-emaileen diaspora ez bada nahikoa indartsua izan, dimisioaren keinu betiere dotorea eginarazteko hirukoaren arkitektoei, espero izatekoa da Peter Sellers-ek The Party filmean antzezturiko soldadu hinduaren antzera jokatuko dutela hirurek: izan ere, turuta jo eta jo iraun zuen hark, nahiz eta milaka balaz josi zuten. Ez dut uste, hala ere, jokabide ona denik, Kataluniako hurrengo hauteskundeei begira. Espainiako hauteskundeetan 350.000 boto galtzea, gogorra izanagatik, oker txiki bat baino ez da, alderdi independentista baten logikarentzat; hauteskunde nazionaletan galtzea, ordea, hondamendia da.

Oraingoz, beldurra da gailen, sektore kritikoak gero eta indartsuagoak direla ikusirik; horiek, duela ez hainbeste, eta zuzendaritzaren ustez, bi katu ezjakin besterik ez ziren. Eta goraldi horri galga jartzeko, dagoeneko hasi dira iristen PSCren laguntzak. Une hauetan, bada errepublikanoz mozorroturiko sozialista franko, ERCren tesi ofizialisten babesle direnak, bai baitakite tesi horiek inposatzen dituzten edo ez, horren araberakoa izango dela PSCren agintaldiaren iraunkortasuna. Ahots horiexek diote, halaber, boto-emaile errepublikano disidente oro dela CiUrekin itun bat egitearen aldekoa. Mezulari horiek ez diote, ordea, ez baitzaie komeni, ordainik gabeko itun hori negozio hondagarria izan dela ERCrentzat eta negozio biribila PSCrentzat. ERCk agudo bete du Generalitateko Kontseilaritzaren balkoian Espainiako bandera jartzeko agindua -Joan Carreterok handixe kendua izaki-, sozialisten esku utzi du hedabide publiko guztien kontrola, eta, besteak beste, irentsi egin du mendekotasun legeak dakarren eskuduntza eraso agerikoa. Ezbairik gabe, gauza positiboak egin dituzte, baina non da errentagarritasuna, ez badakite haiek merkaturatzen? Hau da, Carodek behinola erakutsi zuen giltza, ERCk PSC makurrarazteko zuen gaitasunaren metafora gisa, desagertu egin da zeharo. Orain, gutxienez, oinarri errepublikanoek daukate benetan existitzen den giltza bakarra.

Alferrik galduriko energiak eta denborak ematen dute minik handien. Gobernutik egotzi zutenez geroztik, oposizioan irauteari iritzi izan diot betiere aukerarik gomendagarriena ERCrentzat, baldin eta ez bazuen behar besteko indarrik herrialdeari ordain erabakigarririk eta alderdiari hautabide errentagarririk eskaintzeko. Horixe zen logikoena; hala egin ezean -gertatu den moduan-, berak ordaindu beharko zituzkeen PSCren politika espainolistaren hutsak. Horrek azaltzen du une hauetan zergatik diren PSCkoak, eta ez ERCkoak, errepublikanoen goi kargudunak gartsukien aldezten dituztenak.

e-notícies, 21/4/2008 i 24/4/2008 (català)
Berria , 23/4/2008 (euskara)
Nabarralde , 24/4/2008 (español)