Euskal Herria, orain edo noiz?
Kontsulta bat egitea erabakitzea jakiteko nola artikulatu nahi den politika aldetik euskal herria -herri horren zati bat, zoritxarrez- interesgarria da, nazionalismo espainola -Euskadiko Alderdi Popularrak eta Alderdi Sozialistak hain suharki hezurmamiturikoa- jokoz kanpo uzteko asmoz, baina kontsulta indarrik gabe geratzen da hura gauzatu ahal izateko borondaterik ez badago. Otsorik bada bakarrik balio du otsoa datorrelako gaztiguak. Eta Jose Luis Rodriguez Zapaterok badaki ez dagoela otsorik. Zapaterok badaki politikari ezinago diziplinatua dela Ibarretxe, indarrean dagoen legeriarekiko, denik eta bidegabeena izanda ere, eta ez dio beldurrik, aurrez uste izatekoa bezalakoa delako; eta aurrez ikusteko modukoa den oro da ahul.
Egia da Espainia, bere gatazka kolonialak nazioarteko bihur ez daitezen hain kezkaturik baitabil beti, deseroso sentitzen dela Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegiko akusatuen aulkian egoteko ahalbidea dela eta, baina neurri horrek, luzea eta astuna izaki, urteak beharko ditu ondorioren bat ekartzeko, eta horrek ez luke izan beharko Ibarretxeren aukera bakarra. Gogora dezagun, esate baterako, Estrasburgok behin emandako epai hura, zeinak Espainia kondenatu baitzuen uko egin ziolako 1992ko urtean atxiloturiko hamabost independentista katalani egindako torturak ikertzeari, Garzon operazioa esan zioten haren barruan; epaia ez zen 2004ra arte etorri. Hamabi urte igaro eta gero! Eta beste horrenbeste gertatuko da, ziur askorik, Martxelo Otamendik 2003an jasandako torturengatik egun jarria duen salaketarekin ere. Legezko tranpa, esan gabe doa, ez da makineria judiziala mantso dabilela, ibili ezinago mantso baitabil, baizik eta Europako instantzietara jotzea dakarrela, salatutako Estatu horrekikoak bete ere baino lehen. Eta Estatu hori, logikoa denez, ederki arduratzen da prozesu hori atzerarazten, errekurtsoak jarriz eta epe guziak agortuz. Horrek esan nahi du Ibarretxeren B planak -zeren eta ez zuen beste planik, ezta?- ez duela inolako ondoriorik ekarriko 2020ra arte. Alegia, 63 urte izango dituenean eta, ziur askorik, politika aktiboan jardungo ez duenean. Bien bitartean, hamabi espainolek osaturiko talde bat -Auzitegi Konstituzional ere baderitzona- Madrilgo bulego batean bilduko da aurrerantzean ere, euskal herriaren eta haren Legebiltzarraren erabaki subirauak ke bihurtzeko. Ikuspegi horri begiratuz gero, ulertzekoa da ezker abertzalea uzkur agertzea Ibarretxeren estrategiarekiko; onenera jota, mantsoa bezain badaezpadakoa uste izatekoa den estrategiarekiko.
Esan daiteke, ordea, ez dagoela ezker abertzalekoa izan beharrik jarrera uzkurra agertzeko. Euskalzentrikoa izan besterik ez dago. Pertsona euskalzentriko batek ez du irrikatzen bere herrialdea 3000. urtean izatea aske, pertsona euskalzentriko batek askatasun horren garaikide izan nahi du. Askatasunean bizi nahi du, askatasunaz gozatu nahi du, askatasuna dastatu nahi du egunez egun eta oraintxe bertan, norbere askatasunaren norgehiagoka egunerokoak dakarzkion on-gaitz berberei aurpegi emanez. Horregatik normala da bere onetik ateratzea, aurrez ikustekoa zena bete egin dela egiaztaturik. Batik bat, bizitzako zenbait unek ausardia eskatzen dutelako, batez ere norbere askatasuna edo taldearena daudenean jokoan. Erreferendum bat debekatzea, bere burua demokratatzat daukan Estatu batean, larria baino larriagoa da, kriminalizatu egiten baitu galdetzeko eskubidea. Eta besteren pentsamenduaren beldur denak bakarrik kriminalizatu dezake eskubide hori, eta horixe da Espainiak egiten duena: kriminalizatu egiten du kontsulta, erantzuna -haren interesen aurkakoa uste izatekoa dena- ez dezaten aintzakotzat har nazioarteko instantzietan. Galderarik izan ezean, ez dago erantzunik, eta, erantzunik izan ezean, denak bere hartan dirau. Nagusiek ere debekatu egiten diete esklaboei beren buruari galde diezaioten ea aske izan nahi duten. Kriminal bat da galdera egiten duen esklaboa, bai eta erantzuten duen esklaboa ere. Nagusiak, beraz, lasai egin dezake lo. Horregatik ongi legoke gobernu espainola estutasunean jartzetik harago joateko asmoa agertuko balu Ibarretxek. Ez dago munduari aurrera eginarazteko modurik, bidegabeak diren legeak urratuz baino, eta, horretarako, azkeneraino iristeko prest egon behar da. Eta horrek esan nahi du egun bat jartzea, nazioarteko begiraleak gonbidatzea eta Espainiari lasai-lasai uztea bere burua nabarmen agertzen, indarrez galarazita bozka ematea. Kontua da, laburbildurik, indar espainola erabiltzea norbere mesederako, mundu osoari bira emango dioten irudiak baliatuta. Gainerako guztia energia eta denbora alferrik xahutzea izango litzateke, eta denbora beti izan du aldeko Espainiak.
Besterik da Espainiak Ibarretxeren proposamena arbuiatzeak zer irabazkin ekarriko dizkion EAJri hauteskundeetan, zeina ziur askorik sakon aztertua izango baitute, baina neure buruari galdetzen diot ea lau urtetik behingo hauteskundeak irabaztea eta orain arte bezala jarraitzea ote duen xede bere eskubideen jakitun den euskaldunak. Nik neuk, kale itsu horri begiraturik, alde on bakarra ikusten diot, eta da pizgarri izan dadila euskaldunentzat, behingoz konturaraziko dituena Estatu espainolean ez direla izango ez ezer ez inor. Euskal Herriaren etorkizuna, haren etorkizun bakarra, baldin eta halakorik benetan nahi badu, espetxe konstituzional espainoleko murruez bestaldean dago. Alegia, Espainiatik kanpo.
e-notícies , 21/9/2008 eta 25/9/2008 (català)
Berria , 21/9/2008 (euskara)
Nabarralde , 22/9/2008 (español)