Kataluniaren gainbehera
Tebas Antigona-ko Kreonteren erreinaldian nola, hala dago Katalunia beldurrak kikilduta, eta beldurrak ahul eta otzaneko bihurtzen du banakoa. Hemen, han bezala, botereak erosten du pentsalari esker onekoen isiltasuna, eta bultzatu egiten ditu guri sinetsaraztera balio katalan jatorrak direla adostasuna, otzantasuna eta etsipena, betiere gorde beharrekoak. Hemen, han bezala, Tiresias-en antzekoak nabarmentzen dira, koldarkeriak jotako intelektual ospetsuaren paradigma baitira, eta ugariak dira Ismene-ren antzekoak ere, herritar andrazko beldurti eta esanekoaren ereduak. Tiresiasek zapalkuntzaren aurka erabil zezakeen bere eragina, baina kikildu egiten da azkenean, eta, Ismenek, matxina zitekeen arren, zuhurtasuna, neurritasuna eta lasaitasuna eskatzen ditu. «Erregutu dezagun», dio Ismenek, «bilatu dezagun lauena izango zaigun bidea». Ismenek uste du, katalan askok bezala, pedagogiaz jardun behar dela tiranoaren etxean, uste du azalpenak eman behar zaizkiola, hitz onek haren jarrera samurraraz dezaten. Maite duela dio Antigonak, bai, baina bazter uzten du, eta bere zuhurtasunak traidore bihurtzen du. Ez dio entzun nahi ahizpari, hark honela esaten diolarik: «Ez ote dituzu ikusten hurbilekoen dituenen begi izutuak? Erreguka bazoazkio, are eta gogorrago bihurtuko duzu, are eta sendoago, aukera oparituko diozu hiriari erakusteko bera, Kreonte, ez duela ez ezerk ez ezeinek geldiarazten. Bere boterea erakutsi nahi digu, gu otzanak izatea nahi du, bere txakurrak bezalakoak. Zu eta ni isiltzen bagara, mundu guztia isilduko da».
Ezinago fina Jordi Coca-ren Antigona hori, zeinak hilurren dagoelarik honela esaten baitio Tiresiasi, gaitzespenez: «Zu ere azkar askorik isildu zara, ba. [...] Zer duzu, beldur al zara zu ere? [...] Lagun gintzakezuenok, berehala kikiltzen eta koldartzen zarete. Aldaketarik ezin litekeela baino ez diozu, kontuak diren bezalakoak direla... Zenbat gezur dagoen esaten duzun horretan, eta isiltzen duzunean...!» Eta, buruenik: «Orain, hiria dela uste du berak [Kreontek]. Eta, zuk, gizon jakintsutzat daukazu zeure burua, haren aurrean behar baino kontu handiagoz darabilzulako mihia. Hil egiten nau haren dekretuak, eta zuk ere hil egiten nauzu, isilduta». Bada, bai, Tiresias ugari dago Katalunian, eta Antigona gutxi, egunean egunekoaren kudeatzaileek -Luis Llachek ametsik ez merkatzeko eskatzen zien haiexek- goitik behera irauli dutelako beren duintasuna, akats bihurtzeraino. Haien eskuetan, eroei dagokien patologia bihurtu da duintasuna. Baina, hein batean, haiei zor zaie Kataluniaren gainbehera, beren isiltasunarekin, beren beldur zuhurtasun-itxurakoarekin eta amore emate errealismo-eitekoarekin, bazterrean utzi baitute herrialde hau. «Esango digute itxaron egin behar dugula», kantatzen zuen Llach-ek 1978an, susmatu gabe orduan txalo jotzen zioten kide haietako batzuek beren lanbide bihurtuko zutela itxaronaldi hura.
Sorgorra izan behar da, zeharo, Kataluniaren gainbeheraz ez ohartzeko. Hizkuntza katalanaren hondamen pixkanakakoari erreparatu besterik ez dago, zeina katañol izeneko hizkera mordoilo bihurtzen ari baita, hedabide publikoen eta pribatu gehienen eraginez, eta zenbait filologoren elkar aditzeari esker. Hala, ia oharkabean, onartu beharrean izango gara hizkuntza katalana, energia oro bezala, ez dela galduko, baizik eta eraldatu egingo dela: espainolaren dialekto bihurtuko da. Kataluniaren gainbehera, ordea, ez dagokio soilik hizkuntzari. Politikari, ekonomiari eta gizarteari ere badagokio gure gainbehera. Geneukan politika katalan apurra politika espainol bihurtu da, gure errenta erori eta erori ari da oraindik ere, ikusgarriki, Melillakoaren hurrengo izateraino, eta gure azpiegiturak zaharkituta daude zerga ebasketa dela bitarteko. Eta are okerragoa da egoera halakoak guregan sorrarazten duen ondorio psikologikoa. Porrot irudipen handia dago, jendeak kezkatuta begiratzen du ingurura, eta bere buruari galdetzen dio non dauden nazio zahar honi duintasuna itzuli behar zioten buruzagiak. Baina ez dago buruzagirik.
Hala ere, baikorra naiz ni, eta bat nator Jaume Vicens i Vives-ekin, zeinak esaten baitzuen baieztapen egintza jarraitu bat dela Kataluniaren bizia, eta izateko borondatea duela eragile. Badakit egungo nahasmenduak baieztapen hori gezurta lezakeela, itxuraz, baina ulertu beharra dago umotze prozesu batean dagoela herrialdeko politika, eta horrek berekin dakarren nahasmendua haren zati bat baino ez da. Gero, zorionez, ez da itzulbiderik izango, eta Espainiarekiko gure mendekotasuna oroitzapen triste bat baino ez da izango. Komenigarria litzateke, beraz, arbasoen beldur patologikoaz dohatsuki libraturiko gazte jende horri kasu egitea, horiek erakutsi beharko baitigute aurkakoa zaigun errealitatea baino hobea irudikatu besterik ez dugula hura aldatu ahal izateko.
Hortaz, baldin eta umotze prozesu hori bizkorra izatea nahi badugu, gure hedabideetako mezuak katalanzentrikoa beharko du izan, argi eta garbi -edo euskalzentrikoa, Euskal Herrian-. Aurrera egingo badugu, ulertu beharko dugu mezuan datzala gure askatasunaren sekretua, mezuak pentsamoldeari eragiten baitio, pentsamoldeak egintzei eragiten baitie eta egintzek historiari eragiten baitiote.
Lletres , núm. 36, desembre-2008/gener-2009 (català)
Berria , 21/11/2008 (euskara)
Nabarralde , 21/11/2008 (español)