Independentziaren biharamuna
Nork bere buruarekiko gorrotoa ez da bilatu behar; bakar-bakarrik eta den bezala agertzen da. Maiz txorakeriak esatea da arazoa. Txorakeria horiek horien aurka egiten dute ondoren, eta are kaskarrago bihurtzen dituzte. Ez al da ba kaskarra izatea halako argudio eskasak erabiltzea, eskuin muturrekoak, herri baten erabakitze eskubidea satanizatzeko? Koma bat bera ere ez diote aldatu sekula Francoren seme-alaba ideologikoek beren buruak ezkerreko unibertsalistatzat dauzkatenen diskurtsoari. Izan ere, nazionalismo espainiarrak oso harreman ona izan du beti euskal kolaborazionismoarekin. Ezin dira bizi bata bestea gabe. Beraz, ez da harritzekoa biak gauza askotan bat etortzea, Euskal Herriaren eskubideei dagokienez. Ez da harritzekoa; izan ere, Joan Manuel Serraten kanta batek dioen bezala, «nadie sabe lo que compra, nadie dice lo que vende» (inork ez daki zer erosten duen, inork ez du esaten zer saltzen duen).
Eskuin muturra eskuinez mozorrotzen da, eta zentro-eskuina ezkerrez. Eta Nabarraldeko Luis Martinez Garatek orain gutxi adierazi bezala, «euskal gizartea desegituratua egotearen ondorio da hori; konkista, okupazio eta gutxitze prozesuek pluraltasun itxura eman diotena; pluraltasun hori, baina, ez du bere subiranotasunak kontrolatzen, beste interes batzuek baizik, gehienetan egituraren beraren aurkakoak direnek».
Horregatik daude Mugica, Juaristi, Diez, Mora eta Savatertarrak, euskal independentismoa satanizatzen dutenak. Haien nazionalismo espainiarra hain da zorrotza, non garai batean indarrez lortutakoa hauteskundeetan galtzeak loa galarazten dien. Demokrazia totalitarioaren zaindari direnez, beren herriaren independentismoaren aurka egoteaz gainera, barregarri geratzeko beharra dute ongi sentitzeko eta beren disonantzia kognitiboa arintzeko. Jokaera arrunta da hori gezurretan ari direla jakinda beren duintasunik eza ohorez janztearekin itsututa daudenen kasuan. Horregatik ezin dute jasan independentismoa: kontzientziara doalako zuzenean, eta kapela ez bezala, kontzientzia nekez erantz daitekeelako.
Independentziaren biharamunean, Euskal Herriak ez da sartuko zoriontasun erabatekoan; Nazio Batuen Erakundean sartuko da Euskal Herria, estatu egitura duten herriek hitza eta botoa duten erakunde batean. Independentziaren biharamunean, Euskal Herria ez da bihurtuko paradisu, baizik bere burua tutoretzarik gabe antolatzeko gai izango den herri heldua. Independentziaren biharamunean, ezaugarri bitxi izateari utzi eta eskubide osoko hizkuntza izango da euskara Europako Batasunean; eta erreferente espainiarrak baztertu eta Euskal Herriko telebista nazionala bihurtuko da ETB - halaxe egin zuen Ekialdeko Timorreko telebistak ere, erreferente indonesiarrak utzi zituen 2002ko maiatzaren 19an-. Independentziaren biharamunean, Espainiako Ligan jokatzeari utzi eta Europakoan jokatzen hasiko dira Athletic eta Reala, eta euskal unibertsalistek entzungo dituzte Puerta del Soleko kanpaien doinuak, espainoltasunak nostalgiarekin bezala, harekin bat egiten duenak bezain kartsu. Independentziaren biharamunean, Euskal Herriak ez du hartuko Haendelen Aleluya ereserkitzat; bere eskubide eta betebeharrak heldutasunez onartu dituen herri gisa agertuko da munduaren aurrean, besterik ez.
Beren jatorria gogorarazten dien guztiak izututa, beren buruak omentzera behartuta daude beren burua gorrotatzen duten euskal herritarren bozeramaileak, identitate krisiak eragiten dien samina arintzeko. Horregatik, hain zuzen ere, irribarre egiten dugu independentista katalan eta euskaldunok muturrekoak garela esaten digutenean. Muturreko izate horren arriskua guztiz arruntak izatea delako egiten dugu irribarre. Herbeheretarrak, daniarrak edo portugaldarrak bezain arruntak.
El Punt , 29/5/2002 (katalana)
Berria , 5/8/2006 (euskara)
Nabarralde , 7/8/2006 (gaztelania)