Maragallen burugabekeriak
Horiek horrela, logikoa dirudi Pasqual Maragallen, Esperanza Aguirreren, Jose Bonoren eta Juan Carlos Rodriguez Ibarraren arteko adiskidetasunak eta, gainera, hobeto ulertzen da orain sei urte Alejo Vidal-Quadrasek (Alderdi Popularrekoa) Maragallen (Alderdi Sozialistakoa) aldeko botoa eskatu izana Katalunian. Izan ere, ideologia politiko bera dute Maragallek, Vidal-Quadrasek, Aguirrek, Bonok eta Rodriguez Ibarrak, nahiz eta hori modu desberdinean adierazi. Lehenaren eta gainerakoen arteko aldea azalekoa baino ez da, inola ere ez oinarrizkoa. Horregatik eragiten dute barre-algara, Katalunian, Kataluniako presidentea katalanista arriskutsutzat daukaten Madrilgo kazetariek. Irakurlea Maragallen ondorengo hitz hauen maltzurkeriaz jabetu dadin hartu dut hizpide Maragallen izaeraren alde hori: «Euskaldunak salbaturik egongo dira, Kataluniak aurrera egiten badu. (...) Kataluniak ez duenez esaten argi eta garbi hura Euskal Herria ez dela eta ez duela horrek nahi duena nahi, Madrilen uste dute, guztia amai dadin [Espainiak Euskal Herriaren hainbat eskaera onartzea], Euskal Herrian egiten dena eskatuko dutela gero katalanek ere. Agian, salbuespena egin daiteke Euskal Herriarekin; horrela izan da beti eta ez da ezer ere gertatu. Ezin konponduko da euskal gatazka, ordea, Kataluniak aurrea hartu eta beste zerbait nahi duela esaten ez badu. Kataluniak ez du nahi Espainia utzi; elkarrekin egon nahi duten hainbat herrik osatutako Espainia batean egon nahi du. (...) Askatasuna ez da lortzen nor bere baitara bilduz, baizik eta Espainiako eta Europako gainerako herriekin, aurrean daudenekin, elkartuz». Oinarrien adierazpen bete-betea da, ezta? Oinarri espainiarrena, noski. Norberarekiko Gorrotoaren Kataluniako Artxiboa sortzen denean, solairu osoa edukiko du Maragallek beretzat.
Noiztik dakar pertsona baten edo talde baten independentziak munduko gainerako herriak baztertzea eta horietara ixtea? Zer filosofia liburutan jartzen du kaltegarria dela independentzia onartzeak berekin duen heldutasuna? Ez al da oso susmagarria burugabekeria horrek estaturik gabeko nazioei bakarrik eragitea, inoiz ere ez estatuei? Nazio Batuak eta Europako Batasuna ez al dira, ba, estatu elkarte? Agian, elkarte horietako kideek dituzten pribilegioei buruz galdetu beharko genuke, hain mesfidati izateko kide berriak onartzeko. Maragallen hitzen bidegabetasuna ez dago horien azalean, ordea, baizik eta hitz horiek azpian duten mezuan. Izan ere, tamalgarria da norberarekiko fobia Kataluniaren eta Euskal Herriaren arteko harremanak zapuzteraino heltzea, inolako kezkarik gabe, Alderdi Sozialistaren interesak betetzeko. Euskaldunen bidegurutzearen errudun katalanak direla dio Maragallek, Kataluniaren helburuak Euskal Herriarenak ez bezalakoak izatearen bermea eduki arte, Espainiako Gobernuak euskal gatazkari ez diola helduko dioenean. Alegia, bakea eta Euskal Herriaren eskubide nazionalak errekuperatzea ez dagoela Espainiaren esku, Kataluniaren esku baizik. Are urrunago doa Maragall, halere. Kolaborazionista ona denez, bere herrialdearena ez beste askatasun ororen alde dago. Horregatik uste du «Euskal Herriarekin salbuespena egin daitekeela». Kataluniarekin, aldiz, gogor jokatu behar da. Espainiar izatera eta autodeterminazioari behin betiko uko egitera behartu. Euskaldunak «salbu» egongo dira orduan.
Ba al dakite euskaldunek ikaragarrizko txistuak entzuten direla Camp Nou zelaian Kataluniako selekzioaren partida hasi aurretik Pasqual Maragall tribunan agertzen den bakoitzean?
Berria , 18/8/2005 (euskara)
Nabarralde , 18/8/2005 (español)
El Punt , 28/9/2005 (català)