Kataluniako erregionalismoaren gainbehera

Kataluniako erregionalismoaren gainbehera
Herrialde Katalanetan, galdera hauek egiten ditu sarri jendeak: «Nola liteke gu izatea Europako zazpi milioi hiztun baino gehiagoko hizkuntz komunitateetan nazio independente bihurtu ez den bakarra? Nola liteke hiru mendean beste herri baten menpean egon eta gero askatasun mugimendu nazionalik ez sortu izana?». Ondo pentsatuz gero, galdera horiek bururatze hutsak lotsatu egin behar gintuzke. Hori galarazteko, ordea, geure-geureak diren kontraesanei aurre egiteko, erantzun lasaigarri bat eman zuen CIUk, gobernuan zegoela: «Gu gaude ondoena gaizki daudenen artean». Hau esan nahi zuten: «Estaturik gabeko naziorik garrantzitsuena gara Europan; Estaturik gabekoetan, geografikoki ondoena kokatutako nazioa gara; Estaturik gabekoetan, hizkuntza indartsuena duen nazioa gara...». Horrelako esaldiekin, lozorroan sartu du CIUk Katalunia mende laurden luzean. Eta modu berean helduko ginen 2030. urtera, joan den azaroaren 16an gizarte katalana lozorrotik esnatu izan ez balitz, CIUri 10 eserleku kendu eta Esquerra Republicanaren gorakada eragiteko.


CIUren hutsegitea hau izan da: Kataluniaren lozorroa betiko izango zela pentsatzea, bera Generalitatean betiko egongo zela pentsatzen zuen bezala. Sekula ez zitzaien burutik pasatu inork ez duela lo betiko egiten hilda egon ezean; sekula ez zitzaien burutik pasatu frankismoa alderdi politiko batean piztuko zela. Horregatik ez du oraindik ulertu gaur gizarteak baztertzeko arrazoia atzoko harrokeria dela; harrokeria horren ondorioz, gutxietsi egin zuen frankismoak demokrazia bere mesedean jartzeko duen gaitasuna, batetik, eta Kataluniak eskubide nazionalez konturatzeko duen gaitasuna, bestetik. Historia dinamikoa da, zorionez. Belaunaldi oso batek ez du Jordi Pujol baino ezagutu Kataluniako presidente, Pasqual Maragall iritsi arte. Gazte horientzat eta haien guraso eta aitona-amona askorentzat, esanahi bera izan dute Pujol eta presidente hitzek 25 urtean. Bat-batean, ordea, Pujol desagertu egin da, eta 25 urte horiek amets huts bihurtu dira, hemeroteka eta historia liburuetara pasatuko diren amets huts. Adindu askok tristuraz ikusten dute hori; gazteenei, berriz, bizilegea iruditzen zaie. Pujolek bere burua eta bere herria nahastu zituen, eta orain ahalguztidun izateari utzi dio: oroitzapen hutsa da. Haren gainbehera CIUren gainbehera da, dudarik gabe. Haren agurra hutsala izan da, gainera: ez du ezer garrantzitsurik lortu Kataluniarentzat bere erretiroan, eta atzeko atetik joan behar izan du, zortzi urtean PPren morroi izan eta gero. Kataluniak ez dio barkatu, eta are gutxiago barkatuko dio nazionalismo espainolak izatea Pujolen mira handiena.Pujolekin, bestalde, ez dago trenen eta historiaren paralelismoa egiterik, bera trena eta bide moztua izan baita aldi berean. Meritua ezin zaio ukatu: trenaren abiadura ahalik eta gehien gutxitu du, baina mugimendu irudipena eman nahian betiere. Hala, zelai zabaletara joko genuela uste bagenuen ere, katalanok mende laurdena eman dugu nora ezean. Horregatik dago gaur egun alderdi independentista bat Kataluniako Gobernuan 2007tik aurrera agintzeko aukera duena, gainera, alderdi bakarra baita Europako trenbide zabala bermatzeko. Aise uler daiteke, beraz, nazionalismo espainola eta erregionalismo katalana zergatik dauden urduri. Lehenak, Mariano Raxoiren hitzetan, «espainolen botoa» eskatzen du, Esquerra Republicanaren mehatxuari balazta jartzeko; bigarrenak, berriz, Duran Lleidaren ahotik, Carod-Roviraren izena zikintzen du, politikatik alde egin dezan.Biak, Raxoi eta Duran Lleida, helburu beraren atzetik dabiltza: katalanak Madrilen uztarripean egongo den herri langilea izatea, Espainiari harro-harro barretinaren gorria eta krema katalanaren horia erakutsiko dizkiona. Nolanahi ere, Kataluniako gainerako alderdiak zenbateraino espainolizatu diren jakiteko, ez dago ikusi besterik nola haserretu ziren Carod ETArekin bildu zela eta. Inork ez dio galbahea pasatu iritzi espainolari. Eta hori tamala da, gutxitan izango baitute hain aukera garbia CIUk batez ere «nazio katalanaz» hitz egiten dutenean egia esaten dutela agerrarazteko. Izan ere, pertsonen bizitzan pasatzen dena pasatzen da herrien bizitzan ere, azken finean: gure lagun direla diotenek behar denean lagun direla erakustea espero dugun bezalaxe, jardun kontsekuentea espero izaten dugu bere burua naziotzat jotzen duten herrien aldetik. Horregatik, bere herrikideek berek Josep Lluis Carod-Rovira nola deabrutu duten eta nola estutu duten ikusita, argi geratzen da, ez soilik herritarrek barru-barruraino sartua duten morrontza: argi geratzen da, era berean, zergatik ez den Katalunia nazio independentea oraindik.

Gauzak aldatzen ari dira, hala ere. Carodek berak esan zuen, orain hurrena, independentzia hasi dela ernaltzen, eta arrazoi du. Aurrerantzean, ezer ez da lehen bezala izango. Ez Katalunian eta ez Euskal Herrian, eta esan behar da Euskal Herria izan dela Caroden jokaera babestu duen herri bakarra. Gauzak ez dira lehengoak izango, etorkizuna gazte jendearen esku baitago, eta gazte katalanak askok ez dute oraindik bozkatzeko adinik ez dute onartzen Kataluniarentzat Europako Batasunaren barruan dagoen Estatu erabat burujabea ez den beste formularik. CiUk ez du hori onartu nahi, eta hori da zehazki haren gainbeheraren arrazoia: ez dira konturatzen erregionalismoa ez dela ahultzen egoerari loturiko arrazoiengatik, adinari loturiko arrazoiengatik baizik. CiUk beti pentsatu izan du ezerk ez zuela geldikeria laguntzen bertan goxo egiteak baino gehiago; orain, ordea, erretxinduta ikusten du bere bizitza PPren gehiengo erlatibo baten mende dagoela.

Berria , 14/3/2004 (euskara)
Nabarralde , 15/3/2004 (gaztelania)
victoralexandre.cat , 15/3/2004 (katalana)